Zornotzan indarkeria matxistaren 28 biktima artatu zituzten 2018an

Joseba Derteano 2019ko api. 11a, 16:19
Zornotzan Martxoaren 8aren harira egindako manifestazioko irudia.

Indarkeria matxistaren kasuei modu koordinatuan erantzuteko helburua duen erakundeen arteko protokolo eguneratua onartu zuten azken udalbatzarrean.

Zornotzako Udalak, Osakidetzak eta Ertzaintzak indarkeria matxistaren 28 biktima artatu zituzten iaz Zornotzan, udalak emandako datuen arabera. Azken lau urteetako daturik altuena da: 2015ean 19 kasutan esku hartu zuten, 2016an 20tan, eta 2017an 23tan.

Datu horiek denak Zornotzan indarkeria matxistaren kontra egiteko indarrean dagoen protokoloaren txostenean jasota daude. Hain zuzen, joan zen asteko udalbatzarrean aho batez onartu zuten hurrengo laurtekoari begirako protokolo eguneratua.

Zornotzako Udalak, Osakidetzak eta Ertzaintzak hiru erakundeen arteko lankidetza koordinatzeko protokoloa dute. Helburu nagusia honako hau da: indarkeria matxistaren kasuren bat gertatzen den bakoitzean ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egitea, erakundeen arteko koordinazioak lagunduta.

Irakasleen parte-hartzea

Iaz gertatutako kasuak adin tarteetan banatuz gero, 18-25 artekoan gertatu ziren gehien: zortzi, guztira (kasu guztien %38,8). Beste horrenbeste gertatu zen 2016. urtean ere. Jasota zituzten 20 kasuak adin tartearen arabera aztertuta, 18-25 artekoak izan ziren gehien: kopuru osoaren %36,3, hain zuzen ere. Horregatik, orain arte egin izan den moduan, askotariko ikastaroen bitartez ikastetxeetan gazteei berdintasuna, errespetua eta halako balioak erakusten jarraitzea da helburua, udalak ohar batean azaldu duenez.

Horregaz batera, nobedade moduan, hiru entitateek osatzen duten koordinazio mahaira —urtean birritan batzen da— apurka-apurka irakasleak batzea da aurrera begirako helburuetako bat. "Zenbait ikuspuntu eskaini ditzakete eta hori beti da interesgarria eta baliagarria", azaldu du Bego Nazabal Zornotzako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko arduradunak.

Protokolo eguneratuko beste lan ildo bat udaltzaingoko eta gizarte zerbitzuko langileei eskainiko dieten formakuntza izango da. Herritarrekin traturik gehien izan ohi duten zerbitzuak direnez, indarkeria matxistaren kasuetan aurrez aurreko harremana hobetzeko trebakuntza eskaintzea izango da formakuntzaren helburua.

%90ek salaketa jarri dute

Udalak helarazitako datuen arabera, iaz jaso zituzten 28 kasuetatik 20tan esku hartu zuten Zornotzako Udaleko gizarte zerbitzuetan. Arreta psikologikoa eta orientazioa izan ziren gehien eskatu zituzten zerbitzuak.  Horrez gainera, azaldu dutenez, iaz igo egin zen gizarte langileengandik arreta jasotzerako unean babesteko agindua duten emakumeen kopurua: 2017an 8 izan ziren, eta 2018an 11 izan dira.

Bestalde, iaz indarkeria matxista jasandako 28 biktima horien %90ek erasotzaileen kontrako salaketa jarri zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!