Bainuontzia kendu eta dutxa jartzeko diru-laguntza jaso ahalko dute Zornotzako adinekoek

Joseba Derteano 2019ko api. 1a, 13:14

80 urtetik gorakoei bideratuta dago gaurko udalbatzarrean onartu duten ordenantza.

Zornotzako Udalak diruz lagunduko ditu bainuontzia kendu eta dutxa jartzeko etxebizitzetan egiten diren lanak. Gaurko udalbatzarrean horren inguruko ordenantza aho batez onartu dute. “Etxean bat ere dutxarik ez dutenei bideratutako laguntza da. Batez ere etxe zaharretan eta baserrietan ematen dira horrelako kasuak”, zehaztu du Begoña Nazabal Gizarte Ekintza saileko arduradunak. Laguntza jasotzeko ez dagoela mendekotasunik izan beharrik eta “prebentzio neurri bat” dela ere argitu du.

Zehazki, diru-laguntza hau jasoko dute 80 urte baino gehiago dituztenek, Zornotzan erroldatuta badaude eta ez badituzte 15.000 euro baino gehiago ondare higigarrietan eta bigarren etxebizitza bat jabetzan ez badute. Etorkizunean diru-laguntzak jasotzeko adin tartea zabaltzea aztertuko dute.

Guztira, etxebizitza bakoitzak gutxienez 300 euro eskuratu ahal izango ditu lanak egiteko eta gehienez 1.850 euro.Zenbatekoa zehazteko, eskatzailearen eta ezkontidearen baliabide maila kontuan izango da.

Diru-laguntza hau eskuratzeko eskabideak Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu ahal izango dira, dagokion deialdia onartu ondoren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!