“Pelikularen muinean klasiko bat dago: egin ezazu maite duzun hori”

Aritz Maldonado 2019ko mar. 22a, 09:13

Mikel Urdangarin da 'Margolaria' filmaren ardatza. Urte biko grabaketak pelikula bakarrean bildu ditu Oier Aranzabal zuzendariak. Zinema-aretoetako estreinaldiaren aurrean, tentsio puntu bategaz dagoela aitortu du musikari zornotzarrak.

Biluztu egin zara kamera aurrean.
Pelikula gehiago edo gutxiago gustatu ahal zaizu, baina dituen bertuteen artean, benetako istorio bat kontatzen duela aitortu behar zaio. Benetako elkarrizketak ditu, benetako pertsonaiekin. Urte bian, taldeak ordu piloa grabatu zituen, eta momentu ikaragarri on piloa kanpoan geratu dira, halabeharrez. Galbahe horrek, baina, nektarra ekarri du, nire ustez.

Bestalde, ni oso zinemazalea naiz, baina ez naiz aktorea. Ez dit ahalegin berezirik eskatu pelikulak, ni izatea eskatu didatelako. Talde potentea osatu dugu, eta kamera aurrean barik, pertsonen aurrean sentitu naiz.

Ariketa zintzoa da, 'Margolaria' artistaren bizitzako kontrasteak erakusten dituena.
Oreka eta musikariaren bizitza kontrajarrita daude. Isiltasuna bera soinu bat da kantu baten barruan. Pinturan legez mihise zurian, isiltasunean ere notak jartzen dira. Pelikulan alderaketa hori egiten da. Hasieran, kontzertutik nator, ehunka lagunen aurrean egotetik, etxeko bakardadera. Jendeak fokuen indarpean ikusten du artista, show baten barruan, baina hori errealitate labur bat da, izan ere musikari lotutako ordurik gehienak, nire kasuan, bakardadean pasatzen ditut, sortzen, edo praktikatzen. Baina jendea ez da geratzen atzean dagoen horregaz, eta pelikulak, hain zuzen ere, hor asmatzen du, atzealde hori erakusten.

Sortzailearen bakardadea erakusten du 'Margolaria'-k, baina sortzaileen artean ehuntzen diren sareak ere bai.
Erakusten du, nire kasuan, badaukadalako sarea. Nire musikariak, lagunak eta bidaideak ditut. Pelikulan Mikel Urdangarin bakarti bat ere agertzen da, etxeko irudietan, edo bidaietan. Bakarrik egotea gustatzen zait, baina lagunez inguratuta egotea ere bai. Ez daukat nire burua bakartitzat, baina gustatzen zait, eta badakit bakarrik egoten, gainera. Baina, aldi berean, nire sarea dut. Bakarlari deitu didate hasieratik, baina hasierako kontzertuetatik lagunduta egon naiz. Oierrek ni aukeratu ninduenean, ezagutzen zuen nire backgrounda, bazuen bidaian topatu ditudan lagunen berri: Nika Bitchiashviliz, Rafa Rueda... Badaki sare humano hori existitzen dela eta kontatu gura duen diskurtsoa aberastuko duela horrek. Nik esandakoak besteko garrantzia du eurek pelikulara dakartenak, edo gehiago beharbada. Izan ere, pelikulakoa diskurtso koral bat da. Artistaren arima harrapatzea eta islatzea zaila da, eta horretan saiatu da Oier, bidean agertzen diren pertsonaien bidez. Hasieratik argi zuen ez zuela biopic bat egin gura. Nire baldintzetako bat ere bazen. Gure kantetatik abiatuta, munduko edozein txokotan ulertu daitekeen istorio bat kontatu dugu. John Potter musika kritikari ingelesak kokatzen du istorioa munduan, Euskal Herriaren eta Okinawaren arteko alderaketa egitean. Eta hori ederra da. Guk bizitzaz, kezkez, pasioaz... berba egin gura genuen, modu unibertsalean.

Zure jarraitzaile izan edo ez, gai unibertsalak tratatzen ditu dokumentalak.
Publikoa ni ezagutu barik sartzen da istorioan. Bere pasiotik bizitzen saiatzen den musikari bat da gaia. Ertz asko ditu pelikulak, baina hor badago muina, eta koraltasun bat. Muinean klasiko bat dago: egin maite duzun hori. 'Aita, ama, artista izan gura dut'. Egoera hori, hiru segundoko esaldi hori, milioika etxetan bizi izan da. Eta artista diodanean, izan daiteke kazetari, idazle, marrazkilari... bokaziozko beste edozein lan. Eta esaldi horrek dakarren erantzuna ikustekoa da. Gurasoek babes zaitzakete, edo ez. Eta babes ezak zelako kaltea eragin dezake? Igual ez duzu bizitza osoan berriro indarrik aterako horrelako zerbait egiteko. Horixe da pelikularen ardatza. Egoera klasiko bat da, baina zineman gutxi ikusi dena. Oier zinemazale amorratua da, eta ez du sekula ikusi egoera hori dokumental batean islatuta.

Euskal Herriko ikus-entzunezkoak publiko konkretu batentzat izan dira urteetan. Gutxitan ikusi da artistaren ikuspuntu hau, eta eskertzen diot Oierri saiakera, hor sartzera ausartu delako. Horixe da dokumentalaren muina: 'Saiatu zaitez zoriontsu izaten'. Eta dokumentalari esker nerabe batzuek bultzada hori jasoko balute pauso hori emateko? Ez legoke hori baino opari handiagorik.

Hamarkada bi baino gehiago dira musikatik bizitzeko erabakia hartu zenuenetik. Zer ikusten duzu atzera begiratuta?
Gauza bat esango dizut. Erabaki hori hartu nuenetik, bidea ez da erraza izan. Asko maite duenak asko sufritzen du, eta pasio bati lotuta bizitzeak horixe dakar. Dena ez da gozamena, baina gozatzeko aukera ere izan dugu. Izan ere, gozamenik ez badago, eta pasioa sufrimendu iturri soila bilakatzen bada, akabo.

Erabaki horrek beste modu batera biziko ez nituenak ekarri dizkit: taula gaineko sentsazioak, harremanak... Erabaki horri esker, mundu magiko baten parte izan ahal naiz.

Musika modu amateurrean bizi duzunean, %100 da gozamena. Modu profesionalean bizi duzunean, ostera, ez. Eta horretaz konturatu egin behar zara. Kontzerturik ez dagoenean, kezkaz bizi zara, hipoteka berdin-berdin ordaindu behar delako. Hogei urtean irauteko, gorabehera asko pasatu behar dituzu.

Onerako edo txarrerako, esposizio handiko erabakia ere bada. Abesti berri bakoitza garrasi bat da, eta loreak jaso ditzakezu, edo ezer ez. Garrasi horrek oihartzunik eragiten ez badu, mina sortzen da. Muturreko panorama horretan, oreka topatzea oso gaitza da, eta sekulako ahalegina egin behar duzu onik ateratzeko. Ikasi egin behar da. Inoiz harturiko erabakirik inportanteena da niretzat, eta bizirik gaude, eta ez dut ilusioa galdu.

Zer geratzen zaio esateko Mikel Urdangarini?
Orain, filmearen promozioa egitea dagokit; proiekzio, solasaldi eta horrelakoak. Margolariaren biragaz ere segituko dugu, udara arte behintzat. Horrez gainera, orain urte bi grabatu genuen bitxikeria bat kaleratuko dugu: Leonard Coheni Campos Eliseos antzokian egin genion omenaldia gau berezia izan zen, eta grabatuta daukagu; Cohenen eta nire kantuz osaturiko biniloa izango dena prestatzen gabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!