Lan eskaintzak dituzten 12 enpresek parte hartuko dute Zornotzako Enplegu eta Formazio Azokan

Joseba Derteano 2019ko mar. 20a, 13:07
Esti Martiartu udaleko enplegu eta ekonomia sustapenerako zinegotzia eta Mirian Arriaga udaleko gazteria arloko teknikaria gaur Zornotzako udaletxean eskainitako prentsaurrekoan.

Martxoaren 28an izango da, Zelaieta Zentroan.

Azokak bi arlo landuko ditu. Batetik, lan bila dabiltzanen eta enpresen arteko topagunea izan gura du. Bestetik, gazteei lan mundurako orientazioa eta aholkularitza eskaini gura die. Arlo bietako 30 stand inguru egongo dira datorren eguenean Zelaieta Zentroan.

Enplegu azoka

Zornotzako eta inguruko 12 enpresek parte hartuko dute. “Etorriko diren enpresek lan eskaintzak izatea bilatu dugu”, azaldu du Esti Martiartu Zornotzako udaleko enplegu eta ekonomia sustapenerako zinegotziak ekimena aurkezteko prentsaurrekoan. “Industria arlokoak, zerbitzuetakoak… hainbat arlotakoak izango dira”, gehitu du. Interesatuta daudenek informazio jaso eta euren curriculum-a aurkeztu dezakete. Enpresa bakoitzak bere postua izango du. Azoka 10:00etatik 14:00etara, eta, 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Formazio tailerrak gazteentzat

Batxillergoko (lehen eta bigarren mailak) eta DBH-ko 4. mailako 400 ikasletik gora bertaratzea aurreikusten dute formazio tailerretara zein hitzaldietara. Lanbide Heziketako bederatzi zentrok, bost unibertsitatek eta hizkuntza desberdinetako bost zentrok postu bana izango dute azokan.

Goizean zehar, etorkizuneko negozio eta sektore ekonomikoei buruzko tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira. Esaterako, hitzaldietako baten helburua gazteak zientzia arloko ikasketetara gerturatzea da, “gero eta gazte gutxiagok” aukeratzen dutelako adar zientifikoa, Martiarturen esanetan.

LEGO Serious Play tailerrak ere azpimarratu dituzte. Nork bere gaitasunak ezagutzeko eta euretan sakontzeko metodologia bat da eta LEGO piezen forma eta kolore desberdinak erabiltzen dira prozesuan sakontzeko eta aurrera egiteko.

Gurasoei bideratutako hitzaldia

Gurasoei bideratutako mahainguru bat ere prestatu dute 17:30ean. EHUko ordezkariek eta Zulaibar Lanbide Ikastegiko irakasleek parte hartuko dute, besteak beste.

Goizeko hitzaldiak gazteei bideratuta daude, baina edonor joan daiteke.

EGUNEKO HITZALDI BATZUK

10:00etan;Oportunidades laborales en la formación profesional: Competencias demandadas por enpresas’.

11:00etan; 'How video games are made'.

12:00etan;En el camino de la formación: Experiencias compartidas por alumnos que están cursando estudios en ciclos medios y superiores’. Hainbat ikasleren esperientziak, 10 minutuko azalpen laburretan.

13:00etan;Talentua. Lehiakortasunerako gakoak mundu global batean’. Bizkaia Talent-eko adituekin, besteak beste.

17:30ean;Futuro laboral de los hijos que cursen formaciones o carreras científicas’. Gurasoei bideratua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!