“Gaur egun, edozein taldek aurrekontu polit bat maneiatu dezake talde on bat egiteko”

Joseba Derteano 2019ko ots. 27a, 17:00

Iaz Athleticen askorik jokatu ez bazuen ere, aurten nahikotxo jokatzen ari da Huesca taldean Xabier Etxeita (Zornotza, 1987). Bilboko taldeak utzita ari da han jokatzen. Ohikoa da hasierako hamaikakoan, eta zelaian kapitainaren besokoa darama. Golerako usaimena ere ez du galdu. Joan zen asteburuan, gol dotore bat sartu zuen, Espaynol-en zelaian.

Gero esango dute atzelariek ez daukatela erreflexurik eta atearen aurrean baldarrak direla!
Falta bat errematatzera igo nintzen. Ez genuen errematatu, baina arean geratu nintzen. Bigarren jokaldian baloia nire ingurura heldu zen, boleaz ondo jo eta atearen alde batetik sartu zen. Atzelaria izanda, ez da erraza golak sartzea, eta pozik nago. Ez zuen partidua irabazteko balio izan, baina bai puntutxo bat batzeko.

Huesca azkenengo dago eta sei puntura du salbazioa. Zelan dago taldearen animoa?
Momentuaren araberakoa da hori. Partidu bat galdu eta hurrengo egun bietan ez gara oso animoso egoten. Baina entrenatzaileak eta bere lantaldeak egunero animatzen gaituzte. Alde horretatik, zortea dugu. Asko lantzen dute motibazioa, eta eguneroko lana askoz ere errazagoa da horrela.

Lehen mailari eustea sari bat litzateke ala beharrizan puntu bat ere sentitzen duzue? Hau da, zer punturainokoa da presioa?
Hona heldu naizen momentutik, hainbat kazetarigaz izan dut hartu-emana eta ez dut inondik inora ere sentitu presiorik. Behin kazetari batek esan zidan: "Huescako jarraitzailea den auzokide bategaz topo egiten dudan bakoitzean, aurten partidu denak galduta ere berdin diola esaten dit". Azkenean, eurentzat sari bat da lehenengo mailan egotea. 55.000 biztanleko herri bat da, herri txikia beste askogaz alderatuta. Zaleak partidu denetara etortzen dira animatzera. Beti txalotzen. Alde batetik, eskertzekoa da, baina, bestetik, ikusten da exigentzia maila justukoa dela eta horrek mailari eusteko aukera eder hau pasatzen uztera eraman dezakeela taldea.

Herri eta talde xumeek gero eta gaitzago dute lehenengo mailan mantentzea?
Ez dut uste horrela denik. Azken urteetan kontua berdintzen joan da. Telebistek gero eta diru gehiago uzten dute eta mailaz igotzen diren klubek dirutza jasotzen dute. Sailkapenaren erditik beherakoen artean ez dago hainbesteko alderik aurrekontuetan. Edozein taldek aurrekontu polit bat maneiatu dezake talde on bat egiteko.

Partidu askotan titular aritu zara eta nahikotxo ari zara jokatzen.
Horixe izan zen Athleticetik irteteko arrazoi nagusienetako bat. Gehiago jokatu gura nuen, eta ogibide dudan kirolagaz zelaian gozatu. Arlo horretan, pozik nago. Entrenatzaileak bere konfiantza jarri du nigan. Eskertzekoa da, eta, horrela, beste modu batera eramaten da eguneroko lana.

Gainera, kapitainaren besokoa daramazu.
Taldean pare bat lesionatu egin ziren, eta kapitainak falta ziren egunerokoan zein zelaian erantzukizunak hartzeko. Bozketa bat egin zen jokalarien artean, eta ni aukeratu ninduten. Apur bat arraroa da taldean lau hilabete zeramatzan bat kapitain aukeratzea. Lehen mailan esperientziarik handiena neuk nuelako aukera nindutela uste dut.

Lorpenak eta txapelketak ospatutakoa zara. Esaterako, zelan gogoratzen duzu 2013an Elx taldeagaz lehen mailara igo zinen urtea?
Hasieratik lider ibili ginen eta dena primeran irten zitzaigun. Egia esanda, han eman nituen hiru urteak ederrak izan ziren. Taldean zein zaleen partetik maitatua sentitu nintzen. Esperientzia hori futbolean bizi izan dudan politenetakoa da.

Athleticegaz Superkopa ospatzea bezain polita?
Hori beste kontu bat da. Athleticegaz titulu bat irabaztea aparteko zerbait da. Nire betidaniko ametsa Athleticen jokatzea zen, baina, horrez gainera, titulu bat ospatu ahal izatea itzela da! Noren kontra eta Bartzelonaren kontra, non eta etxean. Sarritan esaten den moduan, hori irabazi eta futbola lasai uzteko modukoa izan zen.

Zelan ikusten duzu Athletic? Ematen du irabazteko errezeta aurkitu dutela.
Bai. Atzean sendo egon eta bertikal jokatu. Jokamolde horrek konfiantza eta seriotasuna eman dizkio taldeari. Gaur egun lehen mailako talderik gehienek egiten dutena da. Meritu handia dute, Berizzoren jokamoldetik Garitanorenera alde handia dagoelako. Berehala moldatu dira gainera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!