Zornotzak UNICEFeko Haurtzaroaren Lagun diren Hirien Programarekin bat egin du

Anboto 2019ko ots. 22a, 14:39
Andoni Agirrebeitia alkatea eta Isidro Elezgaray, UNICEF Euskadiko presidentea gaur Zornotzako udaletxean.

Umearen Eskubideei buruzko Konbentzioa tokiko gobernuetan aplikatzea sustatu gura dute.

Udalak  UNICEFekin hitzarmena sinatu du gaur, Haurtzaroaren Lagun diren Hirien Programako kide izateko, udaleko ohar batean informatu dutenez. Eusko Jaurlaritza eta Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioaren (FEMP) babesarekin, programak ondokoak bultzatzen ditu: haurtzaro eta nerabezaroaren tokiko planak sortzea, udalaren jardunean umeek parte hartzea eta haurtzaro eta nerabezaroaren eskubideak garatzea nahi duten udal politika guztiak sustatzea.

Akordio honen bidez, Udalak eta UNICEFek komunikazio protokolo bat ezarriko dute elkarrekin lanean aritzeko. Horrela, Haurtzaroaren Lagun den Hiri bezala aitortua izateko izapideei hasiera emango zaie.

Halaber, Zornotzako Udalak bat egin du Haurren Hiria, Euskadiko umeen hirien sarearekin. Gainera, lehen urrats bezala, Haurtzaroaren Kontseilua sortu du, haurtzaroaren ikuspuntutik elkarbizitza bultzatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!