"Zer da iragankorra, beraz, migratzaile baten bidaia etengabean? Dena iragankorra bada, inguruan duen oro ezezagun, inguruan duen oro ez-leku, inguruan duen oro arrotza izango da. Migratzaileak ez-lekuetan lekutzen dira, ikusezin bihurtu arte", egin dute gonbidapena.
Estitxu Zalduak eta Juanjo Herrerok osatzen dute Rubik konpainia, eta eurak arduratu dira ideia garatzeaz, dramaturgiaz eta aktore lanetaz. Zuzendaritzaz ere eurak arduratu dira, Ekaitz Unai Gonzalezen laguntzagaz. Zaldua eta Herrero Bartzelonako Institut del Teatren lizentziatuak dira.
Zubi ekimenaren baitan
Euskal antzerki sorkuntza profesionalari buruzko kezkak bultzatuta sortu zuten hainbat erakundek Zubi ekimena, eta deialdi honen bidez sortu da Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak. Besteak beste, Durangoko San Agustin Kulturguneak, Zornotza Aretoak eta Elorrioko Arriola antzokiak parte hartu dute proiektuaren sorreran. Zubiren bultzada, aholkularitza artistikoan eta administratiboan, ekoizpenerako diru ekarpenean eta areto bakoitzeko emanaldi baten kontratazioan gauzatuko da.