50 urte joan dira Zornotzako Izar enpresa nazioartera zabaldu zenetik

Joseba Derteano 2019ko ots. 21a, 09:38

2018an Izar-ek bere lehenengo denda ireki zuen Txinan.

Urteurrena ekitaldi batekin ospatzeko asmoa daukatela iragarri dute.

Igande honetan 50 urte beteko dira Izar-ek munduari atea ireki eta nazioartekotze prozesua hasi zuenetik. Dena Beltracy enpresa belgikarraren bisita batekin hasi zen, 1969ko otsailaren 24an. “Orduan, Zornotzan kalitate oneko erremintak ekoizten zirela entzun eta bertaratu egin ziren”, azaldu dute enpresako ohar batean. Mende erdi geroago elkarrekin jarraitzen dute.

Ebaketa-erremintak ekoizten dituen enpresak bost kontinentetan du presentzia: Estatu Batuetan, Hegoamerika ia osoan eta beste hainbat herrialde industrialetan.

Urteurrena ospatzeko logo berria diseinatu dute eta urtean zehar Boroan ekitaldi bat antolatzeko asmoa dutela iragarri dute.

Zirgari saria

Bestalde, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko Zirgari sarietako bat Izar enpresari emango diote aurten. Sari hauek Aldundiak eta BBK-k banatzen dituzte, Bizkaian emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde ari diren pertsona, entitate eta enpresen artean. Izar-ek 'Erantzukidetza eta bateratzea' kategorian jasoko du saria. Sari banaketa gala martxoaren 6an izango da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!