N-634 errepideko lanetan bazterbidea kendu dute eta une honetan "oso arriskutsu" dago ziklistentzat

Joseba Derteano 2019ko ots. 12a, 09:00

Berna eta Euba artean, N-634 errepidea hobetzeko lanak egiten dabil Bizkaiko Aldundia. Obren ondorioz, bazterbidea kendu dute eta bidea estuagoa da. Egoera horrek handik igarotzen diren ziklisten segurtasunari eragiten diola uste dute zikloturistek.

"Errepidean, berez, beti dago arriskua, baina tarte hori are arriskutsuago dago", azaldu du Fernan Ruiz zikloturistak eta Iurreta Txirrindulari Elkarteko kideak. "Errepidea estu-estu dago eta zuloz beterik", gehitu du. Uste berekoa da Berriz Bizikletari Elkarteko presidente Alexander Duran ere. "Egiten dabiltzan lanekin oso arriskutsu geratu da, izan ere alde bietan zegoen bazterbidea kendu digute eta aste barruan trafiko handia dabil, gehienbat kamioiak", azaldu du.

Segurtasuna hobetzeko, "zorua zeozertxo konpondu" daitekeela uste du Ruizek, eta iritzi berekoa da Duran. "Lanen ondorioz, nahiko trakets dago", azaldu du. Beste neurri bat abiadura 30 kilometro ordukora jaistea eta kontrolatzea izan daitekeela azaldu du Ruizek.

Hobe taldean joatea
Handik dabiltzan ziklistei ere tentuz ibiltzeko eskatu diete. Oro har, taldean joateko gomendioa egin dute. "Errepide horretatik bakarrik ez joatea da onena", uste du Ruizek. Modu horretara, Duranen esanetan, "gidariak behartuago sentitzen dira gu errespetatzeko". Bakarrik joatekotan, tarte horretan "erreiaren erditik" joatea izan daiteke irtenbide bat, Ruizen ustez; edo, bestela, "bide alternatiboak" aukeratzeko gomendatu du Duranek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!