“Konfiantzagaz gabiltza, eta orain dugun dinamika onagaz jarraitu behar dugu ”

Maialen Zuazubiskar 2019ko ots. 9a, 10:30

Hiru puntu garrantzitsu lortu ditu asteburuan Amorebietak. Tudelanoren aurka 0-2 irabazita, jaitsierako postuetatik irtetea lortu dute zornotzarrek. ANBOTO Iker Bilbao Mendigurenekin (Larrabetzu, 1996) egon da.

Asteburuan lortutako garaipenagaz jaitsiera postuetatik irtetea lortu duzue.
Asteburuan lortu dugun garaipena garrantzitsua da, batez ere, garaipenak konfiantza ematen duelako. Hala ere, badakigu gauden tokian egonda, ondo jokatzen eta apurka-apurka gorantza joaten jarraitu behar dugula. Momentu honetan, dinamika onean gaude, taldea sendo dago eta bide honi eutsi behar diogu.

Nola joan zen partidua?
Zelaira irten ginenetik, bagenekien haizea aldeko genuela, eta lehenengo momentutik presioa ondo egiten hasi ginen. Hamargarren minuturako lehenengo gola sartu genuen, eta atsedenaldirako gol biko errentagaz geunden. Bigarren zatian intentsitate berdinagaz jarraitu genuen eta Zornotzara hiru puntuak ekartzea lortu genuen.

Azken partidu bietan sei puntu baliotsu lortu dituzue. Azken asteotan, aldatu duzue ezer zuen prestaketan?
Egia esan, ez dugu ezer aldatu prestaketan. Partiduak berdin-berdin prestatzen ditugu. Lehen ere sortzen genituen aukerak, baina ez genuen gola sartzea lortzen. Azken partiduetan, ostera, ondo errematatzea lortu dugu. Alde izan ez dugun zortea, orain aldeko dugula esango nuke.  

Hurrengo norgehiagokei begiratuta, nola ikusten duzu taldea?
Konfiantzagaz gabiltza, eta orain dugun dinamikagaz jarraitu behar dugu. Lehenengo minututik borroka egin beharko dugu garaipenak eskuratzeko, orain arte bezala.

Gernikan jokatu ostean, lehenengo urtea duzu Amorebietan. Nolako taldea aurkitu duzu?
Taldekide batzuk aurretik ezagutzen nituen eta giro oso oneko taldea aurkitu dut. Jende jatorra dago, eta oso erraz moldatu naiz talde berri honetara. Talde ona da, bai zelaian eta baita kanpoan ere.

Nola ikusten duzu zure burua taldean?
Hasieran lesionatuta ibili nintzen arren, hasi naiz jokatzen apurka-apurka. Orain, ahalik eta denboraldirik onena egiten saiatu gura dut, taldeak emaitza onak izan ditzan. Azken batean, bakoitzak egindako ekarpenetik lortzen ditu taldeak emaitzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!