Amorebieta SDA-ko bazkideek lagun bat gonbidatu dezakete “urteko partidurik garrantzitsuenera”

Joseba Derteano 2019ko ots. 6a, 15:32
(Argazkiak: Amorebieta futbol kluba)

Zapatuko norgehiagokara begira harmailak bete gura ditu zuzendaritzak.

Amorebieta futbol taldea Bigarren B Mailari eusteko borrokan murgilduta dago. Joan zen asteburuko garaipenari esker, jaitsiera postutik irten da aspaldiko partez, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Hurrengo hitzordua datorren zapatuan, 16:30ean, izango da, Urritxe zelaian eta Gimnastica de Torrelavega taldearen kontra. Partidu horri begira, harmailak betetzeko neurri bat jakinarazi dute zuzendaritzatik: bazkide bakoitzak lagun bat gonbidatu ahalko du.

Gonbidapen hauek astean zehar klubak San Miguel kalean duen dendan eta, larunbatean, Urritxeko sarreran jaso daitezke. Oinarrizko futboleko jokalariek ere gonbidapen bat izango dute nahi dutenari emateko. Halaber, klubak hainbat gonbidapen banatuko ditu Zornotzako beste kluben, elkarteen eta ikastetxeen artean.

Zaleei zapatuan zelaira joateko deia egin diete. “Orain arte, denboraldi honetan jokatu dugun partidurik garrantzitsuena da", azaldu dute ohar batean. Izan ere, Gimnastica de Torrelavega aurkari zuzena da; azken aurreko dago Amorebietak baino sei puntu gutxiagorekin.

2019a hasi denetik Amorebietak ez du partidurik galdu: Garaipen bi (Bilbao Athletic-en eta Tudelanoren aurka) eta berdinketa bi (Calahorraren eta Real Unionen aurka).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!