Zornotzako Condor industrialdeari izena aldatu diote, izenak hartu ditzakeen konnotazioak ekidinez

Joseba Derteano 2019ko ots. 6a, 09:23

Condor deitzen zen industrialdeari izena aldatu diote eta Zubipunta deituko da aurrerantzean. Azken udalbatzarrean, aho batez hartu zuten erabakia.

Industrialdeari Insecticidas Condor enpresatik datorkio izena. 1966 eta 1985. urteen artean egon zen zabalik enpresa eremu hartan, eta gerora garatu den industrialdeak izen hori hartu zuen. Aldaketaren sorburuan, Hiri Ekimenak egindako proposamena dago. Alderdi denek begi onez ikusi eta Euskaltzaindiari ikerketa bat egiteko eskatu zioten. Txostenak Zubipunta izena proposatu zuen, izen hori zuen etxe bat egon zelako inguru hartan sasoi batean.

Berbaren konnotazioak
Condor berbak dituen konnotazioak direla-eta, alderdiak pozik agertu ziren aldaketagaz. Izan ere, 1936an Gernika bonbardatu zuen abiazioa Legion Condor deitzen zen. "Iragan gaiztoko memoria batera eraman zezakeen izenak", azaldu zuen EH Bilduko Urko Lopezek. Hiri Ekimeneko Abel Isasik gogoratu zuenez, oraindik horrelako "aztarnak geratzen dira herrietako kale eta plazetan, eta horiek ezabatzen joan behar dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!