“2015ean erosi nuen lehenbiziko reflex kamera, eta niretzat aurkikuntza bat izan da argazkilaritza”

Aritz Maldonado 2019ko ots. 2a, 10:00

Erizaina ofizioz, argazkiak ateratzea eta gozogintza ditu afizio nagusi Sara Estebez (1993) zornotzarrak. Makina bat kontzertutan argazkiak ateratzen ibili ostean, bidaietako argazkietan espezializatu da azken sasoian. 2017an Zornotzako Fermin Areitio lehiaketa irabazi zuen.

Zer ikusi daiteke erakusketan?
Hainbat bidaiatan egindako argazkiak dira. Eskoziako, Islandiako, Alpeetako (Italia eta Austria aldeetakoak), Tanzaniako eta Zanzibarreko argazkiek osatzen dute bilduma.

Nondik irten da erakusketa egiteko aukera?
Taberna honetan lanean egon nintzen, sukaldean, eta hortik irten zen ideia. Bazuten nire argazkizaletasunaren berri. Azaroan Zanzibarrera joan nintzen, GKE bategaz, eta Josebak [Tabernako jabea] gogoa du hara joateko. Beraz, berak proposatu zidan erakusketa jartzea. Bidaia bateko argazkiekin egitea zen asmoa, baina hainbat bidaiatakoak bildu ditut.

Zeintzuk dira gustukoen dituzun argazkiak?
Kontzertuetakoak eta kirol ekintzetakoak. Orain, batez ere, paisaiei buruzkoak ateratzea gustatzen zait, bidaietan. Sasoi batean, musika kontzertu askotara joaten nintzen, batez ere Mocker´s taldearenetara, eta argazkiak ateratzen nizkien. Last Fair Deal eta The Highlights taldeei ere atera dizkiet argazkiak.

Eta nolatan eman zenuen aldaketa?
Kamera berria erosi nuen, Eskoziara joan nintzen eta hor hasi zen guztia.

Zeren araberakoak dira argazkiak?
Bidaietara joan aurretik, beste argazkilari batzuen argazkiei begira ibiltzen naiz, zeri begiratu jakiteko, besteak beste. Ez naiz oso teknikoa; hala ere, argazkiak atera, eta azken ukituak egiten dizkiet gero. Beste batzuek ukitu gehiago egiten dizkiete.

Eta baldintzatzen dizu nora joan oporretan?
Bai. Natura duten lekuetara bidaiatzen saiatzen naiz, hiriguneetatik kanpo. Hiriguneetara ere joaten naiz, baina han oso argazki gutxi ateratzen ditut.

Noiz hasi zinen argazkiak ateratzen?
2015ean nire lehenbiziko reflex kamera erosi nuen. Nire kontura ikasten hasi nintzen, argazkiak ateratzen eta bideoak ikusten, eta, horren ostean, Zornotzako Argazkilari Elkartean sartu nintzen. Lokal berri bat alokatu genuen, estudioko argazkiak egiteko, eta aurkizkuntza bat izan zen niretzat. Orain kamera berria dut, eta oso gustura nago horregaz.

Zein izango da hurrengo bidaia?
Orain, otsailean, Norvegiara joan gura dut, Lofoten irletara. Data zailak dira bidaia-lagunak aurkitzeko, baina hauxe da sasoi egokia aurora borealen argazkiak egiteko. Iaz, sasoi honetan joan nintzen Islandiara, eta bakarrik joan behar izan nuen. Iparraldeko herrialdeak asko gustatzen zaizkit. Garestiak dira, baina gustuko ditut.

Afizioa ofizio bilakatzea gustatuko litzaizuke?
Oso zaila dela uste dut. Gainera, fronte asko ditut zabalik: erizaintza, argazkilaritza eta gozogintza. Datorren urtean, Kanadara joan gura dut, gozogintza ikastaro bat egitera, eta, bide batez, argazkiak egiteko baliatu gura dut bidaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!