Iaz baino 92.000 litro gutxiagorekin hasi dute Bizkaiko sagardo denboraldia

Joseba Derteano 2019ko urt. 23a, 14:37

Bizkaiko sagardo ekoizleak, erakundeetako ordezkariak eta Onintza Enbeita, gaur, Uxarte sagardotegian.

Eguraldiak ez du loraldian lagundu. Hala ere, ekoiztutako 108.000 litroak “kalitate onekoak” direla nabarmendu du Aitor Intxaurraga Bizkaiko Sagardogile Elkarteko presidenteak.

Iaz aparteko uzta izan zuten eta 200.000 litrora heldu ziren. Aurten kontrakoa gertatu da eta 92.000 litro gutxiago ekoiztu dituzte. “Negua lehorra izan zen eta hasieran sagar gehiago izango genuela uste genuen, baina eguraldiak ez digu lagundu. Horren kontra ezin dugu ezer egin”, adierazi du Intxaurragak gaur Zornotzako Uxarte sagardotegian egindako aurkezpenean.

Produktuaren kalitatea bermatzeko urte honetako sagardoa iazkoarekin nahastu dute. “Prozesu hau oso ona da produktuarentzat. Sagardo berriak txinparta eta freskura eskaintzen dizkio kupeletan iaztik gordeta dagoen sagardoari, hasierako ezaugarriak berreskuratzeko. Beraz, kalitate oneko sagardoa izango dugu eta ez da faltako”, azaldu du Intxaurragak.

Onintza Enbeita enbaxadore

Onintza Enbeitak adierazi du beretzat “ohore bat” dela Bizkaiko sagardoaren enbaxadore izatea. “Sagardogile elkartea aspalditik ezagutzen dut. Askotan elkarlanerako aukera izan dugu bertsotan edo ekitaldietan. Hazten ikusi naute eta hazten ikusi ditut”, adierazi du Bizkaiko bertsolari txapelketako txapeldunak. Ondoren, bertso batean batu ditu Bizkaiko sagardoaren onurak eta ezaugarriak. Amaitzeko, upategira jaitsi eta urteko lehenengo txotx-a egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!