Zornotza Aretoaren 25. urtemuga ikuskizun eta estreinaldi bereziekin ospatuko dute

Markel Onaindia 2018ko abe. 17a, 15:00

Herrian eta inguruetan erreferente kultural bat da Zornotza Aretoa, duela 25 urte sortu zenetik. Hilaren 28an hasiko dira urtemugako ekitaldiak, Los últimos visitantes izeneko ikuskizunagaz, aretoaren historiaren zati bat memoriara ekartzeko sortua izan dena hain zuzen ere. 

Aretoaren historian arrastoa utzi duten sei pertsonaia dira antitertulia honetako protagonistak: Tadeusz Volsky, O Gran Criador, Txarribodaren nobixe, Zhivagoren amorantea y El pianista en el océano. Ezizen horiek asmatzen dituztenen artean, webgunean aretorako kuoten zozketak egingo dituzte. Arrate Etxebarriak gidatuko du ikuskizuna.

Bestalde, nabarmentzekoa da Markeliñe antzerki talde zornotzarrak bere obra berria estreinatuko duela aretoaren urtemuga egunean, urtarrilaren 7an, eta baita 11n ere. Julietas Romeo Circo izeneko zirku lan bat izango da, dibertigarria, dramari uko egin barik. Gainera, Markeliñek ere urte berezia biziko du, 35 urte baitira jaio zenetik.

Label zikloa
Martxoan, Zornotza Label zikloaren barruan, herriko zinegileen filmak ikusteko aukera egongo da. Lara Izagirre, Arkaitz Basterra, Rafa Escolar eta Gaizka Brougeaudenak hain zuzen.

Bestalde, Zornotza Aretotik adierazi dute 2019an bazkideentzako aldaketa bat dakartela: bazkideentzako doakoak izaten diren ikuskizun biak bazkideek eurek aukeratu ahalko dute zeintzuk izango diren, lehen aldiz. Gontzal Mendibilen eta Easo abesbatzaren gabonetako musikalagaz batera aktibatuko zaie 2019rako txartela, urtarrilaren 2an. Bazkide ez direnen kasuan, gogoratu dute hainbat abantaila dituela (doako ikuskizun bi, %25eko deskontua ekintza guztietan, pelikula batzuetarako sarrerak doan...), eta Zelaieta zentroan eskatu dezaketela txartela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!