Zornotzan San Migel-Jauregizahar kaleko trafikoa berrantolatuko dute eta 20 aparkaleku gehiago sortuko dituzte

Anboto 2018ko abe. 14a, 13:31

Zornotzak atzo onartu zituen San Migel kalea berrantolatu, asfaltatu eta seinaleztapena hobetzeko lanak. Jarduketa eremua San Migel kaleko 21. zenbakian hasi eta Bideaurreraino izango da.

Ondoko lanak egingo dira: aparkaleku plazak berrantolatuko dira, Jauregizahar auzora sartu eta irteteko errotonda bat jarriko da trafikoa arautzeko, zorua asfaltatuko da eta seinaleztapena hobetuko da tarte guztian.

Lan hauekin aparkaleku plaza kopurua berrantolatu eta handitu nahi da, guztira aparkatzeko 20 plaza egongo direlarik eta trafikoa arintzeko bidea berrantolatuko da eta  ibilgailuen zirkulazioa gehienez 30 kilometro orduko abiaduran egingo dela bermatu.

Jarduketa honekin, Zornotzako Udalak zornotzarrek aurrekontu parte-hartzaileetan egindako hainbat proposameni erantzuten die. Proposamen horietan San Migel kaletik herrira sartu eta irteterakoan trafikoan hobekuntzak egitea eskatzen zuten.

Lanen aurrekontua guztira 108.000 eurokoa da. Eguraldiak laguntzen badu, lanak datorren aste amaieran amaituko dira.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!