“Elkarrizketak grabatzen ari garenean distantzia handia hartzen dut”

Anboto 2018ko abe. 9a, 12:30

Barrenak astintzen dituen saio horietakoa da Ur Handitan. Gai bakoitzari begietara begiratzen dion horietakoa, tabuak alde batera utzita. Hirugarren denboraldia abiatu zuten, orain aste bi, sexu abusuen gaia landuz. Saioan agertzen diren irudiak grabatu zein editatu, Zornotzako Beittu Bideo Factory ekoiztetxeak egiten du. Hodei Zambrano (Zornotza, 1987) eta Haizea Pastor dira ikus-entzunezko proiektu horren sortzaileak. Zambranok ANBOTOren galderei prestutasunez erantzun die.

Hirugarren denboraldia jarri duzue martxan.
Atzerrian egin genuen bigarrena, eta hirugarren honetan Euskal Herrira itzuli gara berriro. Gai sozialak lehenengo pertsonan kontatzen jarraitzen dugu. Haurtzaroko sexu abusuen gaiagaz hasi ginen orain aste bi.

Gai deserosoak edo tabuak lantzen dituzue.
Gaiak ondo aztertzen saiatzen gara, eta elkarrizketatuen berbak lehenengo pertsonan jasotzen. Programa askotan adituak agertzen dira berba egiten, baina pertsona bat bere esperientzia kontatzen entzutea da ikusleari benetan eragiten diona. Tabuak diren gaiei aurpegia jartzen diegu.

Aurreko denboraldian atzerrian izan zineten. Zelako esperientzia izan zen?
Ematen duena baino gogorragoa izan zen. Hala ere, esperientzia oso polita izan zen. Politikan sartu gara Venezuelan eta Nikaraguan. Herrialde batzuetan grabatzea arriskutsua izan da. Palestinan, esate baterako, tentsio une asko bizi izan genituen. Ezin genuen kamera atera.

Bidaia guztiak jarraian grabatu zenituzten?
Bidaiak binaka egin genituen. Israel, Palestina eta Miami. Mexiko eta Venezuela. Gero, hemen beste aste bi editzaten aritzen ginen.

Gai latzak landu dituzue atzerrian. Zein izan da gehien hunkitu zaituena?
Denek ukitu gaituzte. Israelekoak eta Palestinakoak, esate baterako, asko hunkitu naute. Egunero bizi duten errepresioa ematen duena baino askoz gehiago da. Han elkarrizketa bat grabatzen egon ginenean, kolonoak traba egitera etortzen ziren. Kolono bat pistola bategaz egoten zen gure atzean. Bestalde, Nepalen, pertsonen trafikoaren inguruko saioa grabatu genuen. Biktimekin aurrez aurre egon ginen unea ere latza izan zen. Umeak eta gazteak ziren.

Elkarrizketa hunkigarriak dira grabatzen dituzuenak. Kamerak berak distantzia ematen dizu zure lana egin ahal izateko?
Elkarrizketak grabatzen ari garenean distantzia handia hartzen dut. Gero, editatzerakoan sufritzen dut. Grabazioan adrenalina askatzen zaizu eta ezin zara pertsonaia guztiekin inplikatu. Ezin dituzu euren esperientziak zeureak balira bezala bizi. Baina, editatzerakoan, protagonistek esan dutena lasaitasunez entzuten dugunean, behin eta berriro, gelditu egin behar izaten dugu handik irten eta negar egiteko.

Zelan erabaki zenuen kameralaria izatea?
Leioan kazetaritza ikasten hasi nintzen. Ekoiztetxe baten lanean hasi nintzen, eta une hartan nire ekoiztetxea sortzea erabaki nuen. Pertsona bik sortu genuen proiektua, Haizeak eta biok. Lana genuenez, karrera azkenengo urtean utzi genuen. Gurea teknikari lana da. Hasiera-hasieran, Zonotzako udalarentzat jaietako bideoak grabatzen hasi nintzen. Haizeak kameralari lanak egiten ditu eta nik editatu egiten dut. Beittu Bideo Factory deitzen da gure enpresa eta Zornotzan gaude. Ur Handitan programan Durangoko Baleuko ekoiztetxeagaz hasi ginen eta funtzionatzen duen formula da.

Kazetaritzan egindako ibilbideak ere lagunduko dizue lanean.
Bai, asko laguntzen du. Gidoilari bat dut ondoan, baina kazetari sen apur bat behar da produktu borobila izateko. Hau ez da entretenimendua. Ur Handitan programan ez dugu manipulatzen esaten dutena. Horregatik, edizioa oso garrantzitsua da, gauzen zentzua ez aldatzeko. Morbotik aldentzen saiatzen gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!