Iskander Sagarminagagaz batera 'Kokoak, marrazkiei kosk!' lana argitaratuko duzu Durangoko Azokan.
Kokoak web atari bat da, eta han ilustrazioen sorkuntzen prozesua erakutsiko dugu. Denok dakigu kokoak mundu guztian daudela, leku guztietan, eta justu guk topatu ditugun zazpiek berezitasun bat dute: oso irudimentsuak dira. Kokoek, marrazki irudimentsu bat ikusten dutenean, zulotxo bat egin eta barrura sartzen dira. Barrura sartzeko prozesu hori da guri erakusten digutena. Azken finean, marrazkiak nondik datozen erakutsiko digute.
Nolako sortze prozesua izan du?
Oso dibertigarria izan da. Marrazki asko autobusean eta igerilekuan egin nituen. Pertsonaiak nolakoak diren, ze izaera duten... hori guztia egitea oso polita izan da. Gainera, prozesu hau ez da amaitu, eboluzionatzen jarraitzen du.
Lan honetan, beste lan batzuetan ez bezala, zeure ideiak ilustratu dituzu.
Norbere ideien irudiak sortzea edo beste batenei irudiak jartzea oso ezberdina da, batez ere errespetu kontu batengatik. Idazle batek testu bat ematen didanean, niretzat ohore bat izaten da. Nahiz eta gehienetan sortzeko askatasun osoa ematen didaten, errespetuz jokatzen dut beti eta eurekin berba egiten dut nondik jo gura duten jakiteko. Kokoak lanean, ostera, ez dago errespeturik. Hau da, zerbait berria badator, ondo etorria izan dadila, eta prozesu erdian dena aldatu behar bada, aldatu egiten da. Norberaren ideiak ilustratzea besteen ideiak marraztea baino zoroagoa da.
Uxue Alberdigaz batera 'Poza' lana egin duzu. Lan honetan muga gehiago izan dituzu. Lotuago egon zara?
Poza Uxueren poza da. Bere barrutik irtendako zerbait da, eta irudiak jartzeko eskatu zidan. Lanean poz ezberdinak deskribatzen dira. Bertan pertsonaia bat dago, baina beste pertsonaia pila bat dago bere inguruan. Jolas bat ere badago... Aspaldian egin ez dudan eskuzko jolas bat izan da, baina jolas arautu bat. Alde horretatik, Kokoak kaosa da, eta Poza, oreka.
Nolakoa izan da Uxue Alberdigaz lan egitea?
Aurretik ere elkarregaz lan egin dugu eta proposamena bota zidanean oparia izan zen niretzat. Oso gogoko dut bere lana, eta beragaz lan egitea, gogokoago. Parte-hartzailea eta esker oneko pertsona da. Prozesu oso polita izan du Pozak.
Gaztea zaren arren, ia 20 urte daramatzazu ilustratzaile lez. Ondo baloratuta dagoen lana da?
Lan asko egin dut mundu honetan, eta mugituz gero honetatik bizi daiteke. Niretzat garrantzitsuena da bidean lagun asko egin ditudala, eta nire hastapenetan ezagutu nuen jendeagaz lanean jarraitzen dudala, bai idazle bai argitaletxeekin. Oso pozik nago, gauza asko ikasi eta egin ditut eta. Apurtxo bat txotxongilolariak gara.
Durangoko Azoka gainean dago. Nola planteatu dituzu bost egunak?
Azoka beti izaten da sorpresa bat. Helburuetako bat betikoak ikustea izango da, lagunak. Bestalde, aurten gehiago disfrutatzea gura dut. Orain arte literaturan zentratuta egon naiz eta beste guneak hobeto ezagutu eta disfrutatu gura ditut.
Zerbait gehitu gura duzu?
Gaur egun hainbat irudi eta kartel jasotzen ditugu, eta asko sinatu barik egoten dira. Egile horiei lanak sinatzeko deia egin gura diet. Oso kartel politak ikusten ditut, eta ez jakitea nork egin duen amorragarria izaten da niretzat. Norberaren lana aldarrikatu egin behar da.