Zornotzako futbol txapelketak kimu mailako 22 talde batuko ditu

Anboto 2018ko abe. 3a, 15:13
Zornotza Udaleko kirol zinegotzi Luciano Martinez, Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitia eta S.D. Amorebietako presidente Jon Larrea gaurko aurkezpenean.

Ostegunean eta ostiralean izango da, Txolon futbol zelaian. Ostiralean Olympique Marseille, Bartzelona eta Milan taldeko gaztetxoak etorriko dira, besteak beste.

Abenduaren 6an eta 7an Txolon futbol zelaian jokatuko den Amorebieta-Etxano Cup torneoa aurkeztu dute gaur goizean. Txapelketa honek kimu adineko 22 talde batuko ditu. “Antolakuntzak ahalegin handia eskatzen du, baina merezi du, bizitza asko ematen diolako herriari eta gaztetxoen artean ilusioa sortzen duelako”, azpimarratu du Jon Larreak SDA-ko presidenteak.

Ostegunean 12 taldek Zornotza Cup-a lehiatuko dute hiru multzotan banatuta. Hauek dira taldeak: Larrea Eskola, Gernika, Gertasport, Ermua, Ikastxiki, Baskonia, Lemoa Harrobi, Laudio, Bermeo, Galdakao, Arratia eta Ugao. 09:30ean hasiko dira lehenengo partiduak.

Zornotza Cup-eko txapeldunek eta txapeldunordeak hurrengo egunean Amorebieta-Etxano Cup-a lehiatzeko aukera irabaziko dute. Ostiralean ere, lau taldeko hiru multzo egongo dira. Athletic Club, Olympique Marseille, F.C. Barcelona, A.C. Milan, S.D. Eibar, S.D. Huesca, C.A. Osasun eta Sevilla C.F dira parte hartzaileetako batzuk. 09:30ean lehenengo fasea hasiko da. Arratsaldean azken fasea jokatuko dute: 16:00etan final laurdenak eta 17:45ean finala.

Sarrerak

Lehenengo egunean, sarrerak dohainik izango dira S.D.Amorebietako bazkideentzat eta gainerakoek 2 euro ordaindu beharko dute. Bigarren egunean, prezioa 3 eurokoa izango da bazkideentzat eta 5 euro gainerakoentzat. Bi egunetan, sarrera doakoa izango da 14 urte baino gutxiago duten pertsona guztientzako. Txapelketan zehar sariak zozketatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!