Egitarau zabala antolatu dute Zornotzan azaroaren 25ari begira

Anboto 2018ko aza. 17a, 09:00
'Haien zapatetan' antzezlanak aktore bihurtuko ditu bertaratzen diren ikus-entzuleak.

Palestinako emakume errefuxiatuen gaineko Haien zapatetan antzerki parte-hartzailea da ekimenetako bat.

Zornotzako Udalak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna dela-eta ekitaldi ugari prestatu ditu. Berdintasun Sailak hainbat ekintza antolatu ditu data honen inguruan. Horien artean Beldur Barik Flash Moba azpimarratu behar da. Azaroaren 25ean zornotzar guztiek indarkeria matxistari ezetz esateko aukera izango dute 13:00ean Herriko plazan egingo den ekintza honen bidez.

Datorren larunbatean, azaroaren 17an, herriko gazteei zuzendutako musika kritikako tailerra egingo da Beldur Bariken programazioaren barruan. Entzuten dugun musika begirada kritiko batekin aztertzea bultzatu nahi da eta musika matxista dagoenaren ustea desmitifikatu eta musikan matxismoa dagoela ikusarazi. 10:00etatik 14:00etara izango da.

Antzerki parte-hartzailea

Emakumeen kontrako indarkeria izenburuarekin hitzaldi bat egongo da asteartean. Emakume helduei zuzenduta dago eta Ertzaintzak emango du hitzaldia Nagusi Aretoan. Hurrengo egunean Zelaietan antzerki parte-hartzaile bat egongo da. Palestinako errefuxiatuen ingurukoa izango da eta genero ikuspuntutik landuko da. Haien zapatetan antzezlana 19:00etan hasiko da.

Larunbatean, azaroaren 24an, autodefentsa feministako tailer bat antolatu da Zelaietan emakume helduentzat. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da ikastaroa. Larunbatean baita liburutegian ipuin kontalari bat egongo da, Ubuntu, nire abestia ipuina kontatuko duena 12:00etan.

Flash Moba

Azaroaren 25an, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna, indarkeria matxistaren kontra kontzentrazio bat egingo da Herriko plazan 13:00etan eta bertan erakunde adierazpena irakurriko da. Ekintza amaitu ondoren, Beldur Barik Flash Moba erakutsiko dute.

Azaroaren 29an, 19:00etan, Zelaietako auditorioan, Población refugiada de Palestina con enfoque de género ikusi ahal izango da 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!