Produktuz betetako otzara opari, ontzi bateko kortxo kopurua asmatuz gero

Joseba Derteano 2018ko urr. 24a, 11:50

Birziklapenaren inguruan bihar Zornotzan egingo duten kanpainaren barruko ekimen bat da.

Birziklapenean jaioak gara lelopean, birziklatzeak duen garrantzia gizarteratzeko jardunaldi bat antolatuko dute Zornotzako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Ecovidrio eta Ecoembes entitateekin batera.

Informazio karpa bat jarriko dute Zelaieta parkean bihar, 16:00etatik 20:00etara. Karpara bertaratzen diren heldu guztiek ondorengo erronkan parte hartu dezakete: ontzi batean zenbat kortxo dauden asmatzea edo ahal den gehien gerturatzea. Gehien gerturatzen den pertsonak beirazko ontzietan ontziratutako bertako produktuez osatutako saskia jasoko du.

Gune horretan bi ingurumen-hezitzaile egongo dira eta gerturatzen den orori informazioa eman eta zalantzak argitzeaz gainera, tailer eta jolas batzuetan parte hartzeko gonbita luzatuko diete.

Pedalei eraginez birziklatzen

Gainera, triziklo berezi bat ibiliko dira Zelaieta parkeko inguruko kaleetan. Informazio panel eta jolas parte-hartzaile batez hornitua dago eta  ingurumen-hezitzaile bat arduratuko da herritarrekin harremana dinamizatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!