Zergatik ikertu zenuen Zornotzako kartzelaren historia?
Doktore tesia egiteko, Deustuko kontzentrazio-esparruan zer gertatu zen ikertzen hasi nintzen. Avila, Guadalajara… toki askotako artxibategiak bisitatu nituen. Kontua da bidean galdera asko sortzen hasi zitzaizkidala, eta ikerketa eremua zabaldu nuen. Zornotzaren kasuan, datuak desagertuta daude. Edo sotoren batean galduta edo desklasifikatu barik daude. Batek daki.
Orduan, zelan batu zenuen kartzelari buruzko informazioa?
Kartzela batzuetan aurkitutako informazioa, presoen testigantzak, beste historiagile batzuen ikerketak… handik eta hemendik ateratako datuetatik ondorioztatu behar izan nuen nolakoa zen Zornotzako kartzela eta han gertatutakoa.
Noiztik nora egon zen zabalik?
Eraikina 1931koa da. Seminario moduan hasi zen, baina gerra zibilean gerrako ospitale bihurtu zuten. Ofizialki, 1940ko martxoan izendatu zuten emakumeen kartzela, baina 1939tik modu horretara erabiltzen ari ziren. Bilboko kartzela beteta zegoen eta Zornotzakoa hura arintzeko erabili zuten, beste batzuekin batera. 1947ko azaroan itxi zuten.
Badakigu zenbat emakume egon ziren preso Zornotzan?
Zornotzako kartzelan baldintzapeko askatasuna lortu zuten 941 emakumeren izen-abizenak batu ditut. Horrek ez du esan gura horiek izan zirenik denak. Orduan ohikoa zen presoak kartzela batetik bestera lekualdatzea, eta, horien kasuan, Zornotzatik igaro arren, ez dago daturik.
Nongoak ziren?
Penintsula osoko jendea egon zen. Harrigarria bada ere, euskaldunak gutxiengoa ziren. Presoak euren jaiolekutik urrun espetxeratzea zen Erregimenaren politika. Beraz, emakume euskaldunak beste kartzela batzuetara eramaten zituzten.
Zornotzan umeak ere egon ziren?
Bai, emakumeen seme-alabak ziren. Gizonen kartzelekin konparatuta, horixe da dagoen alderik nabarmenena. Ume asko jaio ziren Zornotzako kartzelan. Hiru urte egitean, legez, amarengandik banandu eta eraman egiten zituzten. Adopzioan ematen zituzten, edo Erregimenaren tutoretzapeko zentro erlijiosoetara edo emakumearen senitartekoren batengana eramaten zituzten. Ume batzuk kartzelan jaiotakoak ziren eta beste batzuk euren amagaz heldutakoak.
Ondarearen jardunaldiak Durangaldean |