Mangazaleen artean sobera ezagunak dira Dangelis eta deiak, izan ere, 1.500.000 eta 800.000 jarraitzaile dituzte, hurrenez hurren. Domekan 13:00etan Amorebieta IV pilotalekuan egingo duten fan meetingean entzun ahalko zaie. Bestalde, Behotsik Bilbao Orkestrak eta Onigiri Cosplay Ani-Son Stage taldeek kontzertua eskainiko dute. Lehenbizikoen emanaldian Japoniako bideo jokoetako abestien bertsioak entzun ahalko dira. Bigarrenak, ostera, Japonetik datoz.
Hamabigarren edizioa du Mangamorek. Hazten joan da urteekin, eta egun, zazpi gunek osatzen dute jaialdia. Hain zuzen ere, hori da Mangamore bereizten duen ezaugarrietako bat David Murillo Ametx Gazteriako teknikariaren berbetan. "Kultura japoniarra jorratzen duten jaialdi gero eta gehiago ospatzen dira gure inguruan, hala ere, gurea da kalean egiten den bakarra".