'Wenses y Lala' antzezlanagaz abiatuko da Zornotza Aretoko programazio berria

Aritz Maldonado 2018ko urr. 3a, 11:45

Ikuskizuna barikuan izango da, 20:15ean.

Elena Olivieri eta Juanma Rodriguezen antzezlana Adrian Vazquez Mexikarraren testu batean oinarrituta dago. Wenses eta Lala hilik dauden bi nekazari dira, eta beraien bizitzak kontatzeko itzultzen dira bizidunen mundura. Olivierik errusiar mendi batekin parekatu du antzezlana. "Barrez lehertzen zara bidaiean, arima garbitzen dizu gero, eta itzuleran, libre sentitzen da norbera". Orainagaz eta iraganagaz jokatzen du obrak, eta horretarako bereziki zaindu dituzte argiak.

Askotariko obrak eskainiko dira Zornotza Aretoan denboraldi honetan. Udazkenean, ostera, dantza ikuskizunak izango dira protagonista nagusiak. 'Ufadak' eta 'Artha' emanaldiak ikusi ahalko dira, besteak beste. Horrez gainera, Kine zineklubak antolaturiko zortzi zine ziklo ikusi ahal izango dira, tartean, 'Zornotza Label' deritzona. Herriko egileen lanak formatu berezian ikusi ahalko dira bertan. 

Ugarteren azken denboraldia

2019ko urtarrilean 25 urte beteko dira Zornotza Aretoa ireki zenetik. Sorreratik bertan lanean ibili den Luisja Ugartek jubilatu egingo dela iragarri du prentsaurrekoan. Mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko, ikuskizun berezia egingo da urtarrilaren 7an, Markeliñek 'Julietas Romeo Circo' ikuskizuna estreinatuko du egun horretan. Zornotzako konpainiak 35 urte beteko ditu 2019an. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!