Euskal Herria selekzioak lehenengoz parte hartuko du K-1 espezialitateko munduko txapelketan

Joseba Derteano 2018ko urr. 2a, 18:30
Lander Ripodas —eskuman— Letoniara joango den borrokalaria, EHK-1 erakundeko, Eusko Jaurlaritzako eta Zornotzako Ukabilak taldeko ordezkariekin.

K-1 borroka espezialitateko nazioarteko federazioaren partetik gonbidapen ofiziala jaso dute.

Eguen honetatik domekara 'Basque Country' jartzen duen ekipamendu berdea jantzita ibiliko dira lau euskaldun Rigan, Letoniako hiriburuan. K-1 borroka modalitateko munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatzera joango dira. Nobedadea da eta euskal selekzioak lehenengoz parte hartuko du nazioarteko txapelketa ofizialik garrantzitsuenean. Txapelketako 64 herrialdeetako bat izango da.

Askotariko kluben artean sortutako EHK-1 federakuntzak jaso zuen gonbidapen ofiziala, abuztuan. Prestatzeko denbora gutxi izanagatik, baietza ematea erabaki zuten. "Gonbidapena zerbait harrigarria izan da guretzat. Oso garrantzitsua dela deritzogu eta ezin genion ezetzik esan. Aukera bat da guretzat", adierazi du Jokin Ibarra EHK-1 erakundeko kideak, gaur Zornotzan eskainitako prentsaurrekoan.

Agerraldia Zornotzan egin izana ez da kasualitatea. Euskal Herriko selekzioa nazioartera begira jarriko duen egutegi bat osatu dute eta Durangaldeko herri horretan izango du abiapuntua. Azaroaren 24an Euskal Herriko zazpi herrialdeei zein diasporari irekita egongo den txapelketa antolatuko dute bertan eta hango irabazleek 2019ko martxoan Inglaterrako munduko kopan Euskal Herria ordezkatuko duen selekzioa osatuko dute.

 K-1, Japonetik mundura

K-1 borroka espezialitateak Japonen du sorbura. Arte martzial desberdinen (Kickboxing, Muay Thai…) osagaiak batuta, 90eko hamarkadaren hasieran sortu zuten eta harrezkero gora egin du. “Kontaktu kiroletan praktikatuenetakoa da”, azaldu du Ibarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!