Zornotzako mendi bizikleta martxak ibilbide berria estreinatuko du domeka honetan

Joseba Derteano 2018ko ira. 29a, 11:30

Zornotzako mendi bizikleta martxako zein Aramotz mendi lasterketako ibilbideetan nobedadeak daude. Martxako ibilbidea erabat aldatu, eta lasterketakoa luzatu egin dute. Bata zein bestea domeka honetan izango dira.

Mendi bizikleta martxa 09:00etan abiatuko da, Zubiondo plazatik. Ibilbideko 34 kilometroek —1.100 metroko desnibel positiboa— ez dute zerikusirik iazkoekin. Parte-hartzaileak Bizkargirantz joango dira, Morga eta eta Gorozika ingurura, eta Torreburutik itzuliko dira. "Iazkoa baino askoz ere politagoa da. Mendi bizikletarako ibilbide naturala da eta bide egokiak daude", azaldu du Zornotza Mendi Taldeko Igor Lopezek. Iaz, MTB martxak Andres Espinosaren oroimenezkoagaz bat egin zuen, eta, hori dela-eta, beste ibilbide bat prestatu behar izan zuten.

Aramotz mendi lasterketa 08:30ean hasiko da, Zubiondo plazan. Iaz baino luzeagoa —30 km— eta gogorragoa —2.000 metroko desnibela— izango da. 2011tik antolatu gabeko lasterketa berreskuratu egin zuten iaz, eta logistika aldetik errazagoa zen ibilbidea diseinatu zuten. "Antolaketari neurria hartzen ibili ginen", gogoratu du Lopezek. Aurten, esperientzia gehiagogaz, "saltsa handiagoetan" sartzera ausartu dira. "Aramotz ingurua ederra da eta bertako txokorik gehienak erakutsi gura ditugu", adierazi du Lopezek.

Ibilbide bata zein bestea finkoak izango dira aurrerantzean. "Printzipioz, horrela mantenduko dira".

Emanaldiak
Askotariko emanaldiek osatuko dute mendi astea. Urriaren 3an, 19:30ean, Bilbao Mendi Film Jaialdiko lehiaketan parte hartu zuten alerik onenak ikusteko aukera egongo da Zornotza Aretoan. Song for the Nomad, The Frozen Road eta Psycho Vertical dokumentalek osatuko dute menua. Hurrengo egunean, toki eta ordu berean, Skimetraje jaialdira aurkeztutako elurretako kirolei buruzko film labur hatzuk erakutsiko dituzte.
Ekimen sorta mendi martxa bategaz amaituko dute. Urriaren 7ko domekan abiatuko da, 09:00etan. Zubiondo plazatik. Ibilbideak 23 kilometro eta 850 metroko desnibel positiboa ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!