Zornotzan kontzentrazioetara deitu dute gaur eta bihar AHTaren obretako langilearen heriotza salatzeko

Joseba Derteano 2018ko ira. 25a, 13:52

Gaur arratsalderako deialdia Zornotzako Ezker Abertzaileak egin du eta biharkoa gehiengo sindikalak.

Gaurko kontzentrazioa Erreferendum plazan izango da, 19:00etan. Biharkoa 12:00etan hasiko da Zornotzako udaletxe plazan. Horrez gainera, beste deialdi bat ere badago: ostiralean, 11:00etan, Eusko Jaurlaritza parean elkartuko dira gehiengo sindikalak deituta.

Joan zen larunbatean 46 urteko langile batek lan-istripu hilgarria izan zuen Zornotzan. AHTaren obretako langilea zen. Heriotzaren arrazoiak eta langilearen lan baldintzak ikertzeko eskatu du LAB sindikatuak. “Larunbateko tenperatura altuekin harremanik duen argitu dadila gura dugu”, eskatu dute ohar batean.

“AHTren lanetan gutxienez zazpi langile hil dira”, salatu du LABek. “Hauei gehitu beharko genizkieke egondako istripu arin eta larriak eta jatorria lanean duten gaixotasunak, izkutatuak izaten diren arren, eraikuntza obra horietan gertatzen direnak”, gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!