“Ez nuen uste hain aurrean helduko nintzenik, baina indartsu ikusi nuen neure burua”

Joseba Derteano 2018ko ira. 22a, 10:45

Inoiz egin duen probarik luzeena da, baina Zornotza Mendi Taldeko Jose Gabriel Ruizek (Zornotza, 1974) horrelakoetara ohituta balego lez jardun zuen. Indarrak ondo neurtuz, indartsu heldu zen helmugara, bigarren tokian.

Zelan joan zen lasterketa?
Aurretik Ehun Milak eginak nituen eta badut esperientzia, baina proba hau luzeagoa zen, inoiz aritu naizen luzeena. Horregatik, suabe hasi nintzen. Ez nituen indarrak arinegi xahutu nahi. 130. kilometrotik aurrera gehitxoago sakatu nuen, ondo sentitzen nintzen eta.

Zure lanagaz gustura geratu zinen?
Ez nuen uste hain aurrean helduko nintzenik, baina indartsu ikusi nuen neure burua. Azkeneruntz une batzuetan erlaxatu egin nintzen apur bat, bigarren postuagaz emozionatuta nindoalako eta atzekoei alde dezente ateratzen nielako. Azken kilometroak berriro korrika egin nituen. Modu horretara sartu gura nuen helmugan.

Bocineros Deiadar Xtreme proba aurrenekoz antolatu dute. Zer iruditu zaizu ibilbidea?
Lehenengo zatia, Balmasedarainokoa, ez zitzaidan oso gogorra iruditu. Bigarren zatian, ordea, 89. kilometrotik aurrera, ibilbidea gogortu egin zen eta ondo etorri zitzaidan desnibel handiko entrenamenduak egitea. Igoeretan ondo moldatzen naiz. Gainera, bero handia egin zuen, beroagaz entrenatzera ohituta nago eta hori ere nire mesederako izan zen. Aldeko beste faktore bat ibilbideko hainbat zati ondo ezagutzen nituela izan zen. Horrek ere laguntzen du indarrak neurtzen.

Zer asmo duzu aurrera begira? Beste lasterketarik bai buruan?
Seguruenik irailaren 30ean Aramotz lasterketan parte hartuko dut, herrikoa delako eta Zornotza Mendi Taldeak antolatzen duelako. Ondo errekuperatzen banaiz, behinik behin. Inguru haietatik entrenatzen naiz, gainera. Baina erlaxatzeko eta ondo pasatzeko lasterketa izango da. 30 kilometrokoa da eta lasaiago hartzeko asmoa dut. Disfrutatzeko zerbait izan dadila gura dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!