Zapatuan estreinatuko da Zinemaldian Mikel Urdangarin protagonista duen 'Margolaria' filma

Aritz Maldonado 2018ko ira. 21a, 12:00

Zapatuan estreinatuko da Margolaria, Mikel Urdangarin abeslari zornotzarra protagonista duen dokumentala. Donostiako Zinemaldian izango da estreinaldia.

Alain Urrutia margolariak obra bat eskaini zion musikari zornotzarrari, baina baldintza bat ezarrita: Urdangarinek ferryz joan beharko zuen Londresera oparia jasotzera. Bidaia horren istorioa da pelikula. Bidaia hori aitzakia gisa hartuta, musikari batek agertokitik kanpo bizi duenari buruzko istorioa da Margolaria. "Bere lanetik bizitzeko apustua egin duen artista baten eguneroko borroka ezagutuko dugu, sorkuntzaren alkimia, ezinaren izerdia, porrotaren itzala, ospearen osteko bakardadea", azaldu du Oier Aranzabal zuzendariak.

Sarrionandia, protagonista
Zinemira euskal zinemari propio gordetako saila da. Bertan, hamabi film eskainiko dituzte, eta horietako bi, Kursaalen; euskal zinema ikusgarriago egitea da asmoa. Besteak beste, Joseba Sarrionandiaren zenbait alderdi jasotzen dituen Gure Oroitzapenak ere sail honetan aurkeztuko dute. Hamabi lagunek zuzendu dute film hau; besteak beste, Fermin Muguruzak eta Mireia Gabilondok hartu dute parte proiektuan.

Eskualdeko parte-hartzea duen beste pelikula bat ere estreinatuko dute Zinemaldian. Hain zuzen ere, Asier Bilbaok ekoiztu duen Vitoria, 3 de Marzo irailaren 26an ikusi ahalko da. Bestalde, Eneko Sagardoy protagonista duen Errementari ere eskainiko dute Donostiako festibalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!