Zornotzako 500 baserriren argazkiak bilduma batean hilezkortu dituzte

Joseba Derteano 2018ko ira. 18a, 17:00

Zornoza elkartearen eta hainbat herritarren ekarpenari esker egindako lana da.

Zornotzako baserriak, zutik dirautenak zein desagertuta daudenak, ez dira ahanzturan galduko. Zornotza elkartearen aterpean, hainbat herritarrek Zornotzako baserrien inbentario egin eta dena CD batean jaso dute. Baserrien argazkiek, izenek, eta bilduma egiten dutenen bizipenek osatzen dute CDa eta herritarrentzat eskuragarri jarriko dute. Urritik aurrera, martitzenetan eta eguenetan, 19:00etatik 20:00etara, Zornoza elkartearen egoitzan eskuratu ahalko da. Hiru euro da bazkideentzat eta sei euro bazkide ez direnentzat. Informazioa paperean ere katalogatu dute, txosten bitan banatuta.

Pedro Juan Arana –Zornotza elkarteko presidente ohia– Jabier Zabala eta Txomin Goienetxe izan dira proiektuko gidariak eta Adolfo Crespo, Andres Rodriguez, Jose Begiristain, Bixenti Larruzea, Celestino Larruzea, Jesus Garmendia, Rafael Sanchez eta Guillermo Etxanojauregiren kolaborazioa izan dute.

Argazki batzuetan agertzen diren baserriak XV. mendekoak dira, 1450 urte ingurukoak. Batzuek ezaugarri bereziak dituzte: esaterako, Boroan dagoen Gumuzio baserriko zati bat ermita bat da edo eta Bernagoitiko Goienengoa baserriak eta Berna baserriak dorretxe baten ezaugarriak dituzte.


Orain 35 urte hasitako lanaren errematea

1982an hasi ziren argazkiak jasotzen Argazkari argazki dendari esker. Batutako materialarekin harrera ona jaso zuten erakusketak antolatu zituzten orduan, baina kontua hortxe geratu zen. 2014an, 30 urte pasatxoko parentesiaren ostean, adituen laguntza bilatu eta proiektuari berriz heltzea erabaki zuten. Horren emaitza da gaur Zornoza elkarteko egoitzan aurkeztu dutena. Argazki berriak ateratzea eta sasoi batekoak digitalizatzea —Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin— izan da lanetako bat.

"Zornotzarentzat ez ezik Bizkaiarentzat ere altxor handia da", nabarmendu du Andoni Iturbe Zornoza elkarteko presidenteak. Andoni Agirrebeitia alkateak ere egindako lana goraipatu du. "Ohorea da Zornotzan zuen moduko herritarrak izatea". Proiektuak udalaren eta Aldundiaren laguntza izan du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!