Eskola materiala erosteko diru-laguntzak emango ditu Zornotzako Udalak

Anboto 2018ko ira. 13a, 13:32

Oinarriak betetzen dituzten interesdunek Herritarren Arreta Zerbitzuan egin ahalko dituzte euren eskaerak.

Zornotzako Udalak eskolako materiala eskuratzeko herrikoentzat diru-laguntzak ematea onartu du. Datozen asteetan, behin ordenantza indarrean sartu ondoren, eskariak aurkezteko epera jakinaraziko du.

Horrela, diru-laguntza hau eskuratu ahal izango dute familiaren errentak 35.000 euro gordin gainditzen ez dituztenek.  Lau pertsona edo gehiago dituzten familia unitateentzat muga hori 40.000 eurokoa izango da. Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, 20 eta 80 euro artekoa izango da, familia unitate bakoitzaren errentaren arabera. Diru-laguntzen eskaerak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) egin beharko dira urte amaiera arte.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren xedea Zornotzako udalerriko establezimenduetan eskolako materiala eskuratzea estaltzea da. Materialaren barruan sartzen dira papertegiko artikuluak, uniformeak, betaurrekoak eta arropa, baita eskulanetarako materialak ere beste batzuren artean.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!