"Orain bizitzen nabilenak atletismoa beti gura izan dudan moduan uzteko aukera eskaintzen dit”

Joseba Derteano 2018ko ira. 15a, 10:50

"Uzteko une aproposa dela uste dut". Beste munduko ezer ez balitz bezala bota du, blaust, elkarrizketaren erdian. Baina jakinarazpen esanguratsua da, txapeldun handi batek eliteko atletismoari agur esango diola iragarri duelako. Erretiroa hartzea une konplikatua izaten da kirolari batentzat. Denen ametsa aho zapore onagaz uztea den arren, beti ez da horrela izaten.

Zorionez, ez da Iraia Garciaren kasua. Gura duen unean eta gura duen moduan utziko du: onenekin dabilela eta dominen borrokan. Joan zen asteburuan, Malagan lehiatutako munduko txapelketan, zilarrezko domina jantzi zuen 2.000 metroko oztopodun proban, master kategorian. Asteburuan bigarren hitzordu bat du toki berean, 1.500 metroko probagaz.

Munduko azpitxapeldun! Espero zenuen?
Norbere aukerak aztertzeko, besteen markei begiratu beharra dago. Horrek esaten dizu errealitatea zein den. Final horretan marka handiko atletak zeuden, olinpikoak izandakoak. Nik astean zehar beste ogibide bat dut eta atletismoa hobbya da. Hori ikusita, hauxe esaten nion neure buruari: “Laugarren postua lortzeko borrokatuko naiz, baina niri irabazi gura didanak sufritu egin beharko du”. Eta begira, azkenean, bigarren. Pozarren nago.  

Espero baino hobeto zeunden?
Lasterketa zoragarria izan zen. Lehenengo kilometroan zazpi-zortzi joan ginen taldean, eta elkarregaz joatea arriskutsua da oztopoak gainditzerakoan. Norbaitek estropezu egiten badu, norbera lurrera joateko arriskua dago. Esaterako, Kenyako atleta baten jokabidea oso arriskutsua iruditu zitzaidan. Errekatik irtetean, Ana  Llorensi bultzada bat eman zion eta, horren ondorioz, Llorensek ni bultzatu ninduen. Ia pistatik irten nintzen. Hainbeste denboran entrenatzen ibili horrelako kontu bategatik ia kanpoan geratzeko! Lehenengo kilometroa amaitu aurretxoan taldea banatu egin zen eta erosoago nengoen. Itzuli bi geratzen ziren. Hirugarren nindoan eta hain ondo nengoela ikusita, edozer izan zitekeen posible. “Nire lehia aurrean dago”, pentsatu nuen. Bigarren jarri eta erritmoa arindu nuen. Eva Arias liderrak ere erritmoa bizitu zuen. Goi mailako kirolaria da. Baina berarengandik segundo bira bakarrik geratzea… Itzela izan zen. Lasterketan pentsatzen dudan bakoitzean oilo ipurdia jartzen zait!

Gainera, Euskadiko errekor berria da distantzia eta maila horretan.
Orain urtebete helburu bi nituen: munduko txapelketan 2.000 metroko oztopodun proban parte hartzea eta 6.55eko denbora hobetzea. Denbora horretan zegoen Espainiako errekorra. Azken hilean, urduritasunagatik edo, marka erabat ahaztu zitzaidan. Lasterketa amaitu zenean entrenatzaileak hauxe esan zidan: “Iraia, marka hobetu duzu!”. Ezin nuen sinetsi. Jakina, irabazleak ere marka ondu zuen, eta orain berea da denborarik onena. Biok hobetu genuen. Baina maila horretan Euskadiko errekor berria neurea da.

Asteburu honetan 1.500 metrotan parte hartuko duzu. Zer helburu dituzu?
Gaur finalerdiak dira eta domekan finala. Denborei begiratuta, hirugarren edo laugarren tokian gera ninteke. Horrela begiratuta, aukera gehiago ditut 1.500 metrotan 2.000 metrotan nituenak baino. Ikusi egin behar. Ez dakit zer gertatuko den. Motibazio itzelagaz noala dakit bakarrik.

2.000 metroko probara itzulita, ustekabeko domina izanagatik, munduko txapelketan lasterketa hori lehiatzea aspalditik buruan zenerabilen helburua da, ezta?
Bai, iaztik. Begira, nire ingurukoek badakite. Iaz atletismoa uzteko asmoa nuen. Baina master mailara igarotzera nindoan, eta munduko txapelketa estatuan zela jakin nuen, Malagan. Nire burua animatu nuen. Master mailatik igarota, kategoria denetan ibiliko nintzen azkenerako. Ziklo bat gorenean egonda ixtea izango zen.

Beraz, atletismoa utziko duzu?
Arrazoi bategatik edo besteagatik, iaz motibazioa ez zen berdina izan. Baina, esandako moduan, gero motibazio berri bat aurkitu nuen. Egun batetik bestera ikuspegia aldatu nuen. Baina orain uzteko une aproposa dela uste dut.

Egunotan bizitzen ari zaren esperientzia ona dela-eta, badago aukerarik atletismoa uzteko erabakia atzeratzeko?
Bizitzen nabilenak atletismoa beti gura izan dudan moduan uzteko aukera eskaintzen dit. Maila gorenean utziko dut. Zer gehiago eskatu dezaket? Ez nuen atletismoa utzi gura lesio bategatik, baten bategaz haserretu naizelako edo antzerako kontuengatik. Begira, iaz utzi banu minez utziko nuen. Etapa bat itxi ez izanaren sentsazio garratza geratuko zitzaidan. Urte askoan hainbeste eskaini didan kirola modu horretara uzteak pena emango zidan. Orain kontrakoa gertatzen da. Ate nagusitik irtenda utzi dezaket.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!