“Bigarren lan honetan guztia geuk egin gura izan dugu; soinu gordinagoa eta zuzenagoa du, geureagoa, funtsean”

Aritz Maldonado 2018ko ira. 4a, 14:45

Julen Alberdik (baxua), Oier Sacristanek (bateria), Haritz Mirandonak (ahotsa eta gitarra) eta Unai Sulibarriak (gitarra) osatzen dute Zornotzako Blanco y en Botella rock and roll taldea. Uda hasieran, Zelaieta zentroko lokaletan grabatutako Vol II diskoa kaleratu zuten, beraien bigarren lana. Plataforma digitaletan entzun daiteke diskoa, eta formatu fisikoan ere eskuratu daiteke.

Nola sortu zenuten Blanco y en Botella taldea?
Betiko lagunak gara laurok. Bakoitza bere instrumentua jotzen ikasten zebilen. Zornotzako entsegu lokaletan geratzen hasi ginen, gustuko ditugun abestien bertsioak jotzeko. Gero, gure lehenbiziko abestiak izango zirenak idazten hasi ginen. Egun batean, Aitor Laka Memoria de Pez taldeko gitarristak abesti horiek bere lokalean grabatzea proposatu zigun. EP horregaz hasi zen Blanco y en Botella.

Izena, nondik datorkizue?
Ez dakigu nondik datorren, egia esateko. Okurritu zitzaigun, gustatu zitzaigun eta horrela utzi genuen.

Lehenbiziko lanetik bigarrenera, jauzi handia igarri duzue?
Lehenbiziko lanean Lakak egin zituen ekoizle lanak, berak gidatzen gintuen, abestiek hartu beharreko norabideagaz eta bilatzen genuen soinua lortzen lagundu zigun; funtsean, asko igartzen da lan horretan esku hartu zuela. Bigarren honegaz, geuk egin gura izan dugu guztia. Julen baxu-jotzaileak grabatu du, eta soinua geureagoa du. Lehenbizikoak baino soinu gordinagoa eta zuzenagoa duela iruditzen zaigu. Hainbat lagunek lagundu digute. Esate baterako, Jonan JdJ-k abesti batean rap doinuak sartu ditu, Miren Eelesek piano doinu batzuk grabatu ditu, eta Leire Jauregibeitiak abestu egin du kantaren batean.

Zein musika talderen eragina duzue?
Entzutea gustatuko litzaizkigukeen abestiak egiten ditugu eta, normala den bezala, entzuten ditugun taldeen eragina nabaria da. 90eko hamarkadan Bilbotik irten ziren taldeen antza dugula esaten digute beti, Platero y Tu, Flying Rebollos eta horrelakoak. Besteak beste, ZZ Top, Black Crowes, Gary Clark jr eta Chuck Berry artistek ere  eragina izan dute gugan.

Zeri buruz abesten duzue? Zein da zabaldu gura duzuen mezua?
Ez dugu motibazio zehatzik hitzak idazterakoan, irteten zaizkigun bezala idazten ditugu. Izan daiteke munduari kritika bat, zein fikziozko pertsonaia bati buruzko istorio bat, berdin-berdin.

Parte hartu duzue inoiz Zornotzako Maketa Lehiaketan? Zer iruditzen zaizkizue horrelako ekimenak?
Orain urte bi antolatutako Durangaldeko Maketa Lehiaketan parte hartu genuen, lehenbiziko diskoagaz, eta finalerdietara iritsi ginen. Gurearen moduko talde autogestionatuentzat gero eta laguntza gutxiago dago; gainera, gero eta gune gutxiago dago kontzertuak eskaintzeko, eta gero eta zailagoa da. Horrelako lehiaketak zerbait egiteko lagungarriak direla iruditzen zaigu, baina ez dira nahikoa. Talde hasiberriok ez dugu ia laguntzarik jasotzen, eta pena bat da; etxean bertan talde oso onak ditugu, alferrik galtzen ari direnak, ez dutelako modurik ezagutzera emateko edo ez dutelako aukerarik euren lanak entsegu lokaletik kanpo aurkezteko.

Etorkizunerako, zein asmo duzue?
Udan geldi egon gara, baina irailerako eta urrirako kontzertuak eskaintzea da gurue asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!