Athleticek edo Realak Zornotzako Urritxe zelaian jasoko dute Euskal Herria Kopako garaikurra

Joseba Derteano 2018ko abu. 28a, 13:00

Urtero hautagai asko izaten ditu Euskal Herria Kopak, baina orain arteko final denek protagonista berdinak izan dituzte: Athletic eta Reala. Aurtengoa ere ez da salbuespena izango.

Euskal talderik indartsuenek futbol zaleen artean ikusminik handiena eragiten duen finala jokatuko dute zapatuan, 16:00etan, Zornotzako Urritxe futbol zelaian. Durangaldeak emakumeen Euskal Herria Torneoko partidu erabakigarria hartuko duen lehenengo aldia izango da.

Euskal Herria Kirola elkarteak antolatutako kopak zortzigarren aldia egin du aurten. Talde zuri-gorriak palmares oparoa eta ia esklusiboa du txapelketa honetan sei garaikurrekin. Realarentzako izan zen 2012ko finala ez beste guztiak irabazi ditu Ibaiganeko klubak.

Hamahiru euskal talde batu dituzte kanporaketek. Athleticek Eibar gainditu zuen finalerdietan eta Realak Bilboko San Inazio. Urritxe zelaian egindako finaleko aurkezpenean kopa irabazteko irrika azpimarratu zuten talde bietako kapitainek. "Kopa berezia da, huts egin ezineko hitzordua gure egutegian", adierazi zuen Ainhoa Tirapu Athleticeko kapitainak.

Finalerako sarrerak www.ehkirola.eus webgunean eskuratu daitezke (7 euro). Amorebieta klubeko bazkideek doako sarrera izango dute. Partiduko atsedenaldian askotarik opariak zotz egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!