Arabara, Gipuzkoara edo Errioxara joango dira, aurten, Master Kaiolako txapel preziatuak

Aitziber Basauri 2018ko uzt. 20a, 11:00

Zornotzan Master Kaiola lau t’erdiko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte zapatuan, 18:00etan. Iazko irudirik ez du utziko laugarren aldia beteko duen txapelketak, ez baitago bizkaitarrik tartean. 22 urtez azpiko finalean Arabara edo Gipuzkoara joango da txapela, eta gazteen mailan Errioxara edo Gipuzkoara.

Gazte mailako finala Sergio Gutierrez errioxarraren eta Julen Alberdi andoaindarraren artekoa da. Ezaugarri oso desberdinak dituzten pilotariak dira, eta bakoitza bere jokoa egiten ahaleginduko da. Pilota oso bizi eramaten du Gutierrezek, eta Alberdiri min egin diezaioke horrek. Hala ere, erabilitako materialak asko eragingo du, joko mota erabakiko duelako.

Erritmo gogorreko partidua
Gazteen ostean, 22 urtez apizkoen finala jokatuko da. David Uribe gasteiztarrak eta Iraitz Zubizarreta lazkaotarrak neurtuko dituzte indarrak. Oso pilotari biziak dira biak ala biak, errematatzaileak, eta horrek erabakiko du partidua. Litekeena da errematean asmatzen duenak eramatea jokoa. Erritmo oso gogorreko partidua izango da bi pilotariek eskainiko dutena, adituen ustez.

Durangaldekoak ezin heldu
Eskualdeko jokalariek ez dute maila ona eman Master Kaiolan. Gazte mailan, uste baino baxuago ibili da Iñigo Atutxa zornotzarra, Bizkaiko txapelduna lau t'erdian. Ez du bererik eman. Ordezko moduan jokatu du Zornotzako Ander Alzagak ere, baina askogatik galdu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!