Hilean 250 eurora arteko laguntzak emango dituzte Zornotzan etxebizitzak alokatzeko

Joseba Derteano 2018ko uzt. 16a, 09:30

18 eta 35 urte arteko zornotzarrei bideratuta dago.

Herriko gazteei emantzipatzen laguntzeko helburuz, etxebizitzak alokatzeko laguntzak jasotzen dituen ordenantza onartu dute udalbatzarrean.

Zornotzan etxebizitza bat alokatuta duten edo urriaren 31 baino lehen horretarako konpromisoa erakusten duten 18 eta 35 urte arteko gazteei bideratuta daude. Laguntza horri gutxienez hamabi hilabetez eutsiko zaio, 2018ko urtarrilaren 1eko atzera begirako izaeraz, epealdi horretan baldintzei eusten bazaie.

Diru-laguntzaren zenbatekoa kasu bakoitzean ezarriko da, gehienez ere 250 hilean eskari bakoitzeko, 12 hilabetez gehienez. Bizikidetza Unitatearen diru-sarrerak urtean 28.000 euro gordinetik beherakoak izatea da laguntzak jaso ahal izateko baldintzetako bat.

Errenta etxebizitzek eta kontratuek ere hainbat baldintza bete behar dituzte. Esaterako, etxebizitzaren alokairuaren prezioa ez da hilean 650 eurotik gorakoa izango. Baldintza guztiak udaletxeko webgunean jaso daitezke.

Etxebizitza legediaren gaineko hausnarketa

Ordenantza aho batez onartu dute udalbatzarrean. Hala ere, EH Bilduko Urko Lopezek etxebizitzaren egoera orokorraren gaineko hausnarketa bat elkarbanatu gura izan du. “Probatu izan da diru-laguntzak tarteko egon direnean etxebizitza alokairuen inflazioak egon direla. Ez Zornotzan bakarrik, Euskal Herrian eta Estatu Espainiarrean ere bai. Horrek mahai gainean jartzen du etxebizitzen inguruko legedia berritu beharra”. Horrez gainera, “etxebizitza hutsen gaineko politika integralak” sustatzeko beharra plazaratu du.

PSE-EEko Alicia Hernandezek ere udalbatzarrean onartutako ordenantzaren balioa azpimarratu du. “Alderdi sozialistak bere hauteskunde programan zuen proposamena zen eta pozten gara gaurko udalbatzarrean onartzeko aukera dugulako”, adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!