"Lehenbiziko liburua 42 urtegaz publikatu zidaten, eta ordutik hazi egin naizela igarri dut"

Aritz Maldonado 2018ko uzt. 16a, 11:00

Rafa Ugalde zornotzarrak bere lehenbiziko poesia liburua kaleratu du berriki, Erein argitaletxeagaz. Blas de Otero poesia lehiaketa irabazi duten olerkiek osatzen dute liburua.

Zer dira 'Hondar Aleak'?
Betidanik idatzi izan dut poesia, eta hainbat olerki gordeta eduki ditut. Batzuk orain dela hogei urte idatzitakoak dira, pentsa. Iaz, errepaso bat egiten ari nintzela, konturatu nintzen bizitzako fase bakoitzean bildutako sentipenak biltzen nituela. Orduan, ibilbide horri itxura ematea pentsatu nuen. Ikusten nuen badagoela aukera 50 urtegaz atzera begiratu eta horrelako ibilbidea aztertzeko. Idatzita nituen olerkien artean batzuk aukeratu eta lehiaketara aurkeztu nituen. Gaien aldetik, denetarik jorratzen dut: maitasuna, aitaren figura, asegabetzea, heriotza... Ibilbidea nire bitzitzako atal ezberdinak lotuta ikusten da. Aurretiaz ez da egon asmorik, baina gerora ikusi nuen ideia horregaz zerbait gorpuztu zitekeela.

Bizitzaren faseak aipatzen dituzu liburuan.
Eboluzio bat egiten da bizitzaren ibilbidean; adibidez, heriotzari buruzko ikuspuntuan. "Berrogeita hamar urtetik gora hiltzen hasten gozak", esan zidan lehengusu batek, eta esan daiteke hori dela liburuaren abiapuntua. 50 urtetik gora dituzunean, asko dira gaztetan zure inguruan egon direnak, baina gero aldamenean ez dituzunak; organismoa ere huts egiten hasten da. Heriotza inguruan dagoen zerbaiten moduan hartzen hasten zara, etor daitekeen zerbaiten moduan ikusten duzu. Bizitzan pasatzen diren beste kontuekin ere antzera jokatzen da, lasaiago hartzen da, normalean. Amaieran, hondartza bezain bare egotea gura dugu; beraz, bizitzaren etapa horiek hondar aletzat hartu ditut, iristea gustatuko litzaigukeen baretasun horren isla legez.

Zure liburuetan, irakurleak gogoeta egitea bilatzen duzu.
Bizimoduaren inguruko gogoeta eragitea da nire helburua; azken finean, zertarako etorri gara hona? Jaiotzen garenetik hil arte daukagun denbora baino ez gara. Batzuek tarte hori luxuagaz betetzen dute; askotan betirako bagina legez jokatzen dugu, baina hori ez da horrela. Denok joango gara, eta, zoritxarrez, batzuk oso gazte. Mila gauza egiten gabiltza, batez ere gauza material gehiago lortzeko asmoz, baina, zertarako? Ez gara konturatzen daukagun gauza bakarra denbora dela, eta bitarte horretan zoriontsu izatea izan beharko litzateke helburua. Gogoeta egitea beti da positiboa, eta nik hori eragin gura dut.

Argitaratu duzun lehenbiziko poesia liburua da [aurretik kaleratutako liburuak nobelak dira]. Naturala egin zaizu aldaketa?
Bai. Esan bezala, aspalditik idatzi izan dut poesia. Hori bai, horrelako gauza bat egiteko denbora asko behar izaten da, batez ere nire kasuan bezala, amateurra zarenean. Irakurri egin behar duzu, konpondu eta berridatzi. Batzuk orain hogei urtekoak dira, eta batzuei beste teknika bat eman diet. Material gehiago daukat esku artean, baina ez dakit noiz jarriko naizen hori antolatzen.

Idazle moduan, igarri duzu urteekin nola hazi zaren?
Lehenbiziko liburua 42 urtegaz publikatu zidaten, eta ordutik hazi egin naizela igarri dut. Teknika aldetik hobetu egin dut, eta idaztea bera naturalago irteten zait.  Eboluzio bat izan dut. Niri arazo gehiago ematen dit ideiak edukitzeak, teknikak berak baino. Hondar Aleak erraz ulertzen dela uste dut, eta hori garrantzitsua da; testuak landuak dira, baina, aldi berean, irakurtzeko errazak.

Zure bizipenetatik inspiratzen zara.
Sentitzen dudanari buruz idazten dut. Egun makalak ditudanean, adibidez, hori islatzen dut idazterakoan. Aspaldiko maitale bat gogoratzen dudalako idazten dut, edo bizitzeko denbora joaten ari zaigulako, eta ez dagoelako frenorik. Beti diot nik ez nukeela berriro 30 urte eduki gura; badakit zer den hori. Denbora astiroago joatea gura nuke, baina ezinezkoa da. Hareazko erloju batean bezala, hareak ihes egiten digu eskuetatik. Liburuaren azala hortik dator.

Beste proiekturik esku artean?
Nobela baterako ideia batzuk ditut eta narrazio batzuk ere bai; badut materiala jorratzeko eta horregaz zerbait gorpuzteko, baina pasatuko dira bizpahiru urte zerbait osatu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!