Zornotzako jaiak

"Aurrera egin gura dugu, abesti berriak sortu, baina ez dugu horretarako tarterik aurkitzen"

Aitziber Basauri 2018ko uzt. 11a, 13:15

Ez dute datarik jarri, baina, zaila izan arren, agertokiei agur esango die Zirkinik Bez taldeak. Guztiak batzeko dituzten zailtasunen ondorioz, bide berriei ekingo diete Maialen Kaltzakortak, Markel Atutxak, Xabier Bengoak, Ander Olmo eta Erlantz Espartak, musikagaz lotuta zein ez. Aurretik Zornotzan, Otxandion eta Bilbon joko dute. Gernikako jaietan ez jotzearen arantza dute. Markel, Maialen eta Xabier ANBOTOgaz egon dira.

Agur esango die agertokiei Zirkinik Bez taldeak. Noiz?
Markel Atutxa: Hori da asmoa. Oso gutxitan batzen gara denok, lana edo ikasketak direla-eta. Ia hamar urte dira hasi ginenetik eta lehengo abestiekin jarraitzen dugu. Aurrera egin gura dugu, abesti berriak sortu, baina ez dugu horretarako tarterik aurkitzen.
Maialen Kaltzakorta: Abesti berriak eskaintzeko, denak ondo irteteko, entseguak egin behar dira, talde lez denbora bat eskaini behar zaio. Eta ezin elkartu bagabiltza... Azkenengoa kontzertu berezia izatea gura dugu, baina ez da erraza data bat topatzea.

Penagaz?
M.A.: Bai, penagaz.
M.K.: Apur bat. Baina erromeria talde moduan ahal izan dugun guztia eman dugulakoan nago. Berriro bueltatuz gero, geuk sortutako abestiekin bueltatu beharko genukeela uste dut. Zornotzako saskibaloi taldearentzat sortu genuen abesti bat, eta Gernikako Ibilaldirako lehiaketarako ere beste bat. Gustatzen zait hori, baina astirik ez dugunez...
Xabier Bengoa: Iaz batu nintzen ni taldera, eta bizitako esperientzea oso ona izan da. Ondo aprobetxatu dut urte hau, oroitzapen on bat daukat.

Noiz sortu zen Zirkinik Bez? Nola?
M.A.: 2009an hasi ginen lehen entseguekin Erlantz eta biok. Denbora batera Ander batu zitzaigun. Bateria jotzen nuela entzun ostean, Erlantzek taldea sortzea planteatu zidan. Langunartean, ia pentsatu barik hasi nintzen bateria jotzen ikasten. Eskolarik jaso barik, nire kontu. "Egingo duzu zerbait!" esan zidan eta aurrera egin genuen. Denboragaz hobetzen joan naiz. Urteetan taldea aldatuz joan da.

Oraindik jendea batzen dute erromeria taldeek?
M.A.: Bai, gero eta gehiago gara. Bere lekua hartu dute, espazio garrantzitsua.
X. B.: Jaietan ia egunero dago erromeria talderen bat; hiru bat orduz jo, eta bete egiten dute plaza.
M.K.: Zornotzan ere plaza beteko dugu erromeria taldeok, ziur. Hori bai, hiruzpalau baserri dauden herri txikietan zailagoa da!

Uztailaren 14an herrian joko duzue. Plaza berezia da?
M. A.: Bai, berezia da, eta oso gogotsu gaude.
M. K.: Bere xarma du, ezagutzen gaituzte.
X. B.: Lehenengoz jo nuenean, iaz, berezia izan zen.

Kontatu daitekeen pasarterik?
M. A.: 150 kontzertutik gora dira, pasarte piloa. Orain hilabete Nafarroan euri zaparrada itzela bota zigun, estalperik gabeko eszenatokian; dena estali zuten teknikariek, geu barne, eta jotzen jarraitu genuen. Beste behin Agurainen, 07:00etan hasi ginen jotzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!