Jon Larrea presidente berriak eta bere lan taldeak hil honen hasieran hartu zuten klubaren gidaritza eta zorrak aurkitu dituzte. Zehazki, klubak 175.000 euroko zorra du eta “desagertzeko zorioan” egon da, ohar batean azaldu dutenez. “Kluba maite duten pertsona batzuei eta Asier Goiria kirol zuzendariari esker, ekainaren 30eko epe-mugara iritsi ahal izan dira eta lehenengo taldeak Bigarren B Mailan jarraituko du hurrengo urtean”, argitu dute. Hala ere, aurreratu dutenez, kontu-ikuskaritza bat agindu dute eta irailerako emaitzak izango dituzte. Orduan, ezohiko batzar bat deituko dute informazioa emateko eta erabakiak hartzeko.
Bitartean hurrengo denboraldiko aurrekontua lantzen hasiko dira. “Ez da nahi genukeena izango, bete ahal duguna izango da”. Hori kontuan hartuta argi utzi dute Bigarren B Mailan jarraitzea zaila izango dela. “Maila honetako zorrarekin ez da erraza izango bateratzea biziraupen ekonomikoa eta Bigarren B Mailan egotea. Orain, inoiz baino gehiago norabide berean arraun egin behar dugu”, esanez amaitzen da oharra.