Udal tramiteak zentralizatuko dituen Herritarren Arretarako Zerbitzua irailean zabalduko dute

Joseba Derteano 2018ko uzt. 4a, 15:00
Andoni Agirrebeitia alkatea eta udaleko teknikariak gaurko aurkezpenean.

2019tik aurrera Zelaieta Zentroan beste bulego bat zabalduko dute, pertsona bategaz

Irailaren 3an zabalduko dute Herritarren Arretarako Zerbitzu (HAZ) berria Zornotzako udaletxean, sarreraren ondoan. Ordutik aurrera, departamendu batetik bestera ibili beharrean, udaleko tramite denak hantxe egiteko aukera egongo da.

Udaleko webgunean (‘izapideak’ atalean eta ‘izapideen liburua’ azpiatalean) tramite guztiei eta eurei lotutako dokumentuei buruzko informazioa jaso daiteke. Bete beharreko imprimakiak ere jarri dituzte, herritarrek aurretik betetzeko modua izan dezaten. Ondoren, HAZ-en aukera bi egongo dira. Sarreran, kutxazain elektroniko batek errolda agiria egiteko eta ordainagiriak ordaintzeko aukera eskainiko du. Barruan, aurrez aurreko arreta eskainiko duten lau pertsona  egongo dira. Arreta gunearen ondoan, batzargela espaziotsu bat ere badago.

HAZ-a astelehenetik barikura egongo da zabalik, 07:30etik eta 15:30era. “Helburua herritarrei unean bertan irtenbideak ematea da”, azaldu du Gotzone Larruzea teknikariak, gaur, HAZ-aren aurkezpenean.

2019ko urtarriletik aurrera Zelaieta Zentroan beste bulego bat izango du HAZ-ek, pertsona eta kutxazain elektroniko bategaz. 15:00etatik aurrera irekiko dute. Zelaieta Zentroa 21:30 arte zabalik dagoenez, kutxazain elektronikoa goiz-goizetik gauera arte egongo da erabilgarri, udaletxean ez bada, Zelaieta Zentroan.

HAZ-a martxan jartzeak udaleko departamendu denen arteko “koordinazioa eta kolaborazioa” eskatu dituela azaldu du Erlantz Gimenez udaleko teknikariak. “Lan horri esker orain herritarrentzat errezagoa da zer tramite egin daitezkeen jakitea eta langileentzat lan koherenteagoa da, denok eskuliburu berdina darabilgulako”.

Zerbitzu berri hau eskaintzeko 100.000 euroko inbertsioa egin du udalak.

Telefonoak eta whatsapp zenbakia

Telefono bi bideratu dituzte herritarrei begira: 092, udaltzaingorako eta 010, udaletxerako. Zenbaki horiek herriko telefono fijoentzat eta mugikorrentzat balioko dute. Herritik kanporakoek orain arteko zenbakiak erabili ditzakete: 94 630 00 02 udaletxerako eta 94 630 01 60 udaltzaingorako.

Horrez gainera, herritarrak whatsapp bidez jarri ahalko dira hartuemanetan udalagaz: 688 866 600 da zenbakia. Herrian zerbait apurtuta ikusten badute edo udalari zerbait komunikatu gura badiote, telefono hori erabili dezakete herritarrek.

Kutxazain elektronikoa:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!