Hiru irakasle maputxe euskara ikasten ari dira Zornotzako Barnetegian

Jone Guenetxea 2018ko uzt. 3a, 13:42

Paula Huenumilla, Catalina Huenulef eta Álvaro Mariano maputxeek euskara ikasten dihardute Zornotzako Barnetegian.

Hiru ikasleak mapuzugun hizkuntza berreskuratzea helburu duen Mapuzugulezuaiñ elkarteko kideak dira. Garabidegaz elkarlanean, maputxeen hizkuntza hainbat arlotan indartzeko  estrategiak martxan jartzen ari dira. Mapuzugun hizkuntza irakasten duten arren, oraingoan, ikasle hasiberriaren paperean jarri dira. Euskara irakasteko erabiltzen diren metodo eta material didaktikoak ezagutzeaz batera, ikasleekin enpatizatzea dute helburu.

Mapuzugun hizkuntza irakasteko ere barnetegiak egiten dituzte neguan eta udan. 7 eta 12 egun arteko egonaladiak izaten dira. Zornotzako Barnetegian perfil linguistikoen inguruko informazioa jasotzen ari dira. Maputxeek beraien hizkuntza zabaltzeko irakaskuntza eta komunikazio metodoa aldatu gura dute. Zornotzako Barnetegiak gaur egun duten egoeraren diagnosia egin die maputxeei. "Planifikazio falta, ordutegi luzeak eta irakasleak trebatzeko beharra sumatu zituzten. "Arlo gramatikalaz gain, arlo komunikatiboa lantzeko beharra genuela azpimarratu ziguten", azaldu du Paula Huenumillak. Álvaro Marianok dioenez arlo pedagogikoan "ikuspegi aldaketa" egin dute. Catalina Huenulef ikasketaz psikologoa da, eta irakasleak jasotzen ari diren formazioaren bidez mapuzugun eskolak ematerakoan "alde handia" igarri du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!