Ikastetxeko gela bat doako bulego bihurtzea lagungarri zaizu?
Bai. Sorkuntza digitalerako egitasmo bat garatu guran bazabiltza eta ekipamendua lortzen baduzu, lokalarena da geratzen zaizun gastu bakarra. Gaztea bazara eta buruan darabilzun ideia gauzatzeko baliabide nahikorik ez baduzu, denbora tarte batean gela bat dohainik erabiltzeko aukera izatea oso lagungarria da. Are gehiago, faktore erabakigarria izan daiteke erabakia hartzerakoan.
Gutxiago arriskatzea dakarrelako?
Jakina. Ekintzaile izateko, benetan hori gura izatea eta borondatea nahikoa direla esan ohi da, baina baliabidak beharrezkoak dira eta jende askok ez du horiek lortzeko aukerarik. Beraz, horrelako ekimenek asko laguntzen dute.
Laguntza eta guzti ere, abentura gosea izan behar da ekintzaile izateko? Ur nahikorik dagoen jakin barik, igerilekura salto egiteko ausardia?
Apur bat, bai. Denbora galtzen ibiltzearen sentsazioa izan dezakezu, eta, beharbada, dagoeneko martxan dagoen enpresa batera batuta etorkizun errazagoa izan dezakezula pasatzen zaizu burutik. Baina ekintzaile batek bere ametsa gauzatu gura du. Beraz, behar den ausardi dosia zeure buruarentzat lanean aritzeko ilusioak konpentsatzen du.
Hoax izeneko ikus-entzunezko egitasmoa duzu esku artean. Zertan datza? Zer egiten duzue?
Lau arlo lantzen ditugu: bideogintza, argazkigintza, diseinu grafikoa eta webguneak diseinatzea. Hasi, 50 euroko argazki-kamera bategaz hasi ginen. Geuretzat egindako lanak sare sozialetan banatzen genituen. Beharrizan bat zegoela konturatu ginen. Herriko enpresa edo negozio txikiei, mundu digitalari eta sare sozialei buruzko jakintza sakonik ez zuten jabeei zerbitzu bat eskaini ahal geniela pentsatu genuen, eta modu horretara hasi ginen.