Patologia neurologikoa dutenen egoera hobetzeko programa berria abiatuko dute Zornotzako nagusien egoitzan

Joseba Derteano 2018ko eka. 27a, 09:00
Ainara Castaños Igurcoko psikologoa , Ziortza Villegas jarduera soziokulturalen arduraduna eta Asier Lopez fisioterapeuta

Hainbat arlotako profesionalekin jarriko dute martxan proiektu pilotua Jose Maria Azkuna egoitzan.

Zornotzako Jose Maria Azkuna egoitzak arazo neurologiko arina duten adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko proiektu pilotua martxan jarriko du datozen asteotan. Egoitza kudeatzen duen Igurco-ko psikologo Ainara Castañosek azaldu duenez, “patologia neurologikoaren bat duten eta horren ondorioz gaur egun ezartzen ari garen beste terapia batzuk  jaso ezin dituzten adineko pazienteen bizi-kalitatea hobetu nahi dugu”.

Programa hori taldean burutuko da, 45  minutu inguruko saioetan, talde txikian eta hainbat arlotako profesionalekin. Saio bakoitzean ariketarik egokienak eta proiektuaren helburu nagusiak ebaluatuko dituzte elkarrekin.

Gaixotasun hauen arrastoak dituzten adinekoei emango zaie arreta: iktusa, sindrome estrapiramidaleak (Parkinson-en sindromea, koreak, diszinesiak –oharkabeko mugimenduak–), esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa eta nerbio-sistema zentralari eta periferikoari eragiten dieten beste gaixotasun batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!