Espero zen moduan nagusien partiduan erabaki da txapela. Txaber Zabalak eta Iñigo Elorriagak partidu ona jokatu dute, baina ez da nahikoa izan aurkariak menderatzeko. 10-14 atzetik joan eta 14na berdintzea lortu dutenean zaleen animoak piztu dituzte. Hurrengo bost tantoak, ordea, Markina-Xemeinek egin ditu eta hortxe joan dira zornotzarren aukerak.
Burua ondo goian dutela ibiltzeko moduan daude Zornotzako sei pilotariak. Zornotza bere historian bigarren bider Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketako finalera eraman eta maila eman dute azken hamarkadako herririk indartsuenaren kontra.
Zornotzako pilotalekuan jende asko batu da finala ikusteko: behealdeko harmaila ia beteta eta goikoan ere jende dezente.