Atzo zabaldu zuten, eta 30era arte egongo da ikusgai. Jose Horna argazkilariaren lanek osatzen dute erakusketa; jazz emanaldietan espezializatutako artista da bilbotarra, eta bere argazki onenetako batzuk ikusi ahal izango dira Zornotzan. Liburu bat ere argitaratuta du Jazz for two izen beragaz.
Hornak dioenez, eszenatoki gaineko begiradak eta komunikazio esplizituak erakutsi gura izan ditu erakusketako lanekin, besteak beste.
20 urte baino gehiago daramatza jazz kontzertuetan argazkiak egiten, eta horren emaitza oparoa da. Jazzografias izeneko erakusketa egin zuen lehenengo, 1995ean, eta ordutik zazpi osatu ditu dagoeneko, Euskal Herrian zehar hara eta hona eraman dituenak.
Aldizkari ugaritan
Horrez gainera, Cuadernos de jazz eta Jazz hot izeneko aldizkarietako argazkilaria ere izan da, beste hainbat argitalpenetan kolaboratzeaz aparte.