Abadiñoko Tornosolo trinketeak Euskal Herriko kluben arteko pilota txapelketako final batzuk hartu ditu asteburuan. Kadeteetan Aimar Morgaetxebarriak eta Lier Arrienek jantzi dute txapela Orozkoko bikotea 40-22 menderatuta. Langun Onak klubeko pilotari gazteek Bizkaiko eta Euskadiko txapelak jantzi dituzte trinketean dabiltzan lehenengo urtean.
Aspuruk ezin txapela berritu
Asier Aspuru abadiñarrak, aldiz, ezin izan du buruz buruzko txapela berritu. Iazko txapeldunak 40-37 galdu zuen Inhar Ugarteren kontra. Abadiñarra 28-37 aurretik joan zen, baina Ugartek bata bestearen atzetik egin zituen 40ra heltzeko falta zitzaizkion 12 tantoak. Partiduak bi zati desberdin izan zituen. Lehenengoan Aspuruk abantaila polita hartu zuen, serio jokatuta. Bigarrenean Ugarteri gauzak irtetan hasi zitzaizkion eta pilota teilatu gainera egoki bidaltzen asmatu zuen. Bata hazi egin zen eta bestea estutu. Azkenean, markagailua iraultzea lortu zuen Ugartek.