“39 urtegaz herri arteko txapelketako finalean egotea gauza handia da niretzat”

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 16a, 10:30

Txaber Zabala

Joan zen asteburuan hiru partidutik hirurak irabazita, Zornotzak ia lortuta du Bizkaiko herri arteko txapelketako finalerako txartela. ANBOTOk Txaber Zabalarekin hitz egin du.

Orozkoren kontra joaneko hiru partiduak irabazita, dagoeneko hanka bat txapelketako finalean duzuela esan daiteke.
Finalean hanka eta erdi dugula esango nuke. Hala ere, argi dago edozer gertatu daitekeela. Hurrengo partiduetan dena emango dugu berriro ere, Zornotza finalean egon dadin.

Nola joan ziren aurreko asteburuko partiduak?
Ederto, egia esan. Kanporaketa parekatua eta partiduak oso gogorrak izango zirela aurreikusten genuen. Kadeteek primeran jokatu zuten, baita jubenilek ere. Jubenilek, gainera, egurra eman zieten aurkariei.

Zuek ere nagusitasunez irabazi zenuten.
Faboritoak ginen eta ez genuen hutsik egin. Gainera, ezagutzen genituen aurkariak, eta teorian bagenekien geuk irabaziko genuela. Hala ere, gauzak aldatu egiten dira askotan. Kadeteetan, esaterako, Orozkokoak ziren faboritoak, baina gure gaztetxoek irabazi zuten.  Partidu itzela jokatuta lortu zuten garaipena.

2001az geroztik Zornotza ez da herri arteko txapelketan egon eta aurten, okerrik ezean, hantxe egongo zarete. Zuretzat zer suposatzen du horrek?
Ez da zerbait berria niretzat, Lezamagaz ere jokatu izan ditut-eta finalak. Baina, egia esan, 39 urtegaz herri arteko txapelketako finalean egotea gauza handia da niretzat. Gainera, txapelketako finalak Zornotzan jokatuko dira eta herrian egoten den giroagaz etxeko taldea bertan egotea polita litzateke. Hori gutxi balitz, badakit nire pilotari ibilbidea laster amaituko dela eta, beraz, polita litzateke final baten ostean erretiratzea.

Erretiroa duzu buruan?
33 urte daramatzat pilotan jokatzen eta, seguruenik, uda ostean utzi egingo dut. Hala ere, pilota munduagaz lotuta jarraituko dut, Durangon entrenatzaile moduan nabil eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!