Zornotzako Udalari hondakinen kudeaketan eta kale garbiketan egindako lana aitortu diote Madrilgo Hirigintza eta Ingurumeneko Nazioarteko Azokan. Andoni Agirrebeitia alkateak eta Hirigintza eta Jasangarritasun zinegotziak, Juan Maria Ugaldek, ATEGRUS-ek antolatutako ekintzan saria jaso dute.
Epaimahaiak “kale garbiketaren kalitatea, hondakinak ondo kudeatzea eta birziklatzearen alde egindako apustua” azpimarratu ditu sari hau emateko arrazoien artean, udalak informatu duenez. Azken hilabeteetan, udalak hainbat neurri hartu ditu hondakinak bildu eta birziklatzeko, batez ere merkataritza guneetan. Horretarako, papera eta kartoiaren lurpeko edukiontzien ahoak handitu ditu, kartoia errazago sartu ahal izateko. Halaber, hondakin organikoen edukiontzi kopurua handitu da, batez ere janari denda eta taberna eta jatetxeen inguruan. Aldi berean, birziklatzea errazteko hainbat material ere herritarren esku jarri dira. Dendetako kartoizko eta egurrezko kajak biltzeko zerbitzu bat ere martxan jarri dute, bide publikoko edukiontziek gainezka egin ez dezaten eta birziklatzea sustatzeko.
Birziklapena
Udalak birziklatzearen aldeko hainbat kanpaina sustatu ditu azken urteetan. Bilketa errazteko materiala eman eta bosgarren edukiontzi bat ipini dute. Gaur egun hainbat dira gaikako bilketa horretan ematen diren zerbitzuak. Ondokoak biltzen dira: errefusa, organikoa, papera, beira, ontziak, bolumen handiko hondakinak, pilak, etxeko olioa, arropa, oinetakoak eta berrerabili daitezkeen bestelakoak. Helburua herritarrei gaikako bilketa erraztea da eta udalerri jasangarriago bat izatea dira.