“Japoniagaz lotutako guztiak txikitatik erakarri nau; irrikan nago hara joateko"

Aitziber Basauri 2018ko eka. 10a, 09:50

Bideo-jokoak, moda, argazkigintza eta makillajea ditu pasio sare sozialetan Erika in Blue lez ezaguna den gazte zornotzarrak. Kultura Ondasuna Zaintzeko eta Zaharberritzeko ikasketak amaitzen ari da, baina sare sozialekin eta moda munduagaz lotuta ikusten du etorkizuna kultura japoniarraren zale amorratua den youtuberrak. Interneten dagoen informazio guztia sailkatzen jakin behar dela uste du.

Zure ilearen kolorea da zure ezaugarria. Aldatuko duzu inoiz?
Gustatuko litzaidake! Baina apur bat zail daukat. Ilea pilo bat koloretakoa izan gura nuke.

Instagramen 50.000 jarraitzaile dituzu eta youtuben 42.000 inguru. Nola hasi zinen honetan?
Betidanik gustatu zait moda mundua eta Instagram bitartez horretan lan egiteko aukera zegoela jakitean hasi nintzen, orain hiruzpalau urte. Argazkiak ateratzen hasi ginen. Gustatu, eta blog bat sortzea erabaki nuen. Honetaz bizitzea gustatuko litzaidake, hori dut helburu.

Gero etorri zen youtube?
Denek galdetzen zidaten nola tindatu nuen ilea, nola lortzen nuen urdin hau, eta blogean idatzita azaltzea ezinezkoa zitzaidanez, youtuberako bideo bat grabatzea pentsatu nuen. Askori gustatu zitzaien bideoa eta aurrera jarraitu nuen. Hasieran, berbarik egin gabe, musikagaz bakarrik egin gura izan nuen bideoa. Oso  lotsatia naiz-eta...

Lotsatia youtouberrea izanda?
Baliteke. Gelan bakarrik nagoela grabatzen ditut bideoak. Horrek ez dit arazorik sortzen, baina pertsonen aurrean… Pixka bat terapia lez hasi nintzen youtuber, eta hala jarraitzen du izaten oraindik. Baina ez du asko funtzionatzen. Bakarrik egon behar naiz grabatzen.

Espero zenuen halako arrakastarik?
Ez nuen espero, inondik inora!

Gero eta youtuber eta influencer gehiago daude. Nola lortzen da arrakasta?
Ez dakit! Egia da gero eta gehiago garela eta gero eta zailagoa dela jarraitzaileak lortzea. Igotako edukiaren arabera, egunak daude.

Baduzu erreferenterik?
Asko gustatzen zait Luana, adibidez. Youtuberra baino, blogaria da estatubatuarra, influencerra. Gogoko dut bere estiloa eta hortik bizitzeko aukera du; oso zaila da hori. Marka batzuekin egin dut nik lan: batzuek ordaindu egiten dute promozionatzeko, beste batzuek produktuak bidaltzen dizkizute doan. Markekin lan asko eginez gero, eta ondo ordainduz gero… bizi daiteke hortik.

Bide luzea duzu egiteko…
Bai! Hortik bizi direnek 200.000 jarraitzailetik gora dituzte. Hala ere, gaur egun edonork erosi ditzake jarraitzaileak, eta markak bizkorrago dabiltza, jarduera ikertzen dute: zenbat ‘like’ dituzun, oso aktiboa zaren, jarraitzaileak…

Zenbat denbora ematen duzu egunean sare sozialetan?
Asko! Oso aktiboa izan behar da eta denbora asko eskatzen du. Ezinbesteko laguntzailea dut Dani, bikotekidea.

Zein da zure proposamena?
Vintage-a da nire estiloa, kutsu japoniarragaz apur bat alternatiboa. Zaila zait definitzea. Bakoitzak gustuko duena jarri dezala, besteei  begiratu gabe.

Kultura japoniarra gustatzen zaizu?
Asko! Japoniagaz lotutako guztiak txikitatik erakarri izan nau. Ez naiz inoiz han egon, eta irrikan nago hara joateko.

Comic-con jaialdian egon zinen Gibraltarren. Nola joan zen?
Oso ondo! Blogaren esperientzia kontatzeko gonbidatu ninduten komikiaren edo 80ko hamarkadako estiloaren zaleak batzen dituen jaialdira. Star Trek edo Marveleko komikien jarraitzaileek aukera dute aktoreak eta marrazkilariak ezagutzeko. Pop kultura hori batzen da, hainbat arlo ukituta. Manga aretoaren antzekoa da.

Cosplayer-a —manga edo anime pertsonaien antzera janzten dena— ere bazara?
Ez naiz cosplayer-a, ez maila profesionalean, baina asko gustatzen zait mozorrotzea. Filmen estreinaldietara gonbidatzen dituzte argazkietarako, giroa berotzeko... Itzela da! Frantzian oso ezaguna den Lili on the Moon egon zen Gibraltarren. Senarra Capitan Amerikaren doblea da han.

Ematen duenez, youtubek aurrea hartu dio telebistari?
Bai. Youtube ikusten dute gaztetxoek. Gustuko dutena momentuan ikusten dute, ikusi gura ez dutena baztertuz. Hori da etorkizuna. Telebistak youtubeko eta youtuberren formatu asko hartu ditu; amu moduan erabiltzen dituzte youtuberrak, adibidez, filmetan bigarren mailako paperak emanez. Hala ere, informazio asko dago interneten, sare-sozialetan, eta dena ez da egia. Sailkatzen jakin behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!