Izan ere, partiduak ez dituzte Amorebieta IV pilotaleku nagusian bakarrik jokatuko. Jauregibarria, Etxano, Euba, El Carmelo, Karmengo Ama, Lauaxeta, Goiz Eder eta Zubizabalan dauden frontoiak ere erabiliko dituzte.
25 bat esku pilota eskola batuko dira Zornotzan. Durangaldekoak izango dira asko: Atxarte, Olaburu, Oizpe, Lagun Artea, Zaldua, Durango eta Hori Hori, esaterako. Euskal Herriko beste hainbatez gainera, Bartzelona, Valladolid, Salamanca, Madril, Zaragoza, Errioxa eta Portugalgoak ere etorriko dira, besteak beste.
Kadete mailako eta hortik beherako pilotariak batuko dira. Multzotan banatuta, 12 tantoko partiduak jokatuko dituzte. Ligaxkako sailkapen partiduak goizetik eguerdira izango dira eta azken fasea arratsaldean jokatuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egun bitan 247 esku pilota partidu jokatuko dituzte guztira Zornotzan.